Bake prozesu bat has dadin, ezinbestekoa da alderdien artean konfiantza eraikiz joatea, Brian Currin abokatu hegoafrikarraren ustez. «Ezinezkoa da alderdi guztiek egindako planteamendu guztiak egiaztatzea. Une bat iristen da fede maila bat, bestearekiko konfiantza maila bat ezarri behar dena. Konfiantza, badakit, ez da egun batetik bestera lortzen: irabazi egin behar da. Baina konfiantza maila batzuk ezin badira ezarri, denbora asko beharko da Euskal Herrian bake prozesu bat garatzen hasteko. Alderdiek konfiantza eraikitzen hasi behar dute», adierazi zuen atzo Currinek, Radio Euskadi irratian egin zioten elkarrizketan.
Alderdien mahaia osatzea izango da, hain zuzen, Nazioarteko Taldearen helburu nagusietakoa, Currinen arabera. Nazioarteko Taldearen osaketaren berri ematera etorri da Euskal Herrira Currin, eta, aurreratu duenez, bost kidez osatutako taldea izango da,europarrak bostak. Taldearen egitekoei buruz, gaur egingo duen agerraldian emango ditu xehetasunak, baina haren eginkizunak alderdiek adostutako horiek izango dira, «horiexek bakarrik».
Prozesu hori hasteko, ordea, aurretik beste urrats batzuk egin behar dira. «Lehenik eta behin, orain pilota ETAren teilatuan dago», esan zuen. «ETAk Bruselako adierazpenaren eta Gernikako Hitzarmenaren izenpetzaileei erantzun beharra dauka. Bi eskariak bat eginda, hauxe espero dugu: alde bateko su-eten iraunkorra eta egiaztagarria. Eta, horrekin batera, adierazpen bat esanez prest dagoela beste fase batera jauzi egiteko, fase armatua behin betiko uzteko. Beharrezkoa da urrats hori; su-etena ez da nahikoa. Sinistuta nago, gainera, ETAk ondorioztatu duela bere borrokaren fase armatua amaitu egin behar dela. Ezker abertzalearen helburu politikoak aintzat hartuak izateko aukera irekitzeko, ETAk armak utzi beharra dauka, derrigor. Eta uste dut ETAk hori ikusi duela». Alderdien mahaia osatzeak ETAri eskatzen dioten urrats hori egiten lagunduko liokeela uste du, baina ez da ETAk su-etena eman dezan baldintza moduan ulertu behar, «ez baikara horretan hasiko ETAk armak utzi arte».
«Otegik libre egon behar luke»
Ezker abertzalea «oraintxe bertan» legeztatuta beharko lukeela esan zuen Currinek. «Ezker abertzaleak dioena aintzat hartuz, eta alderdiek eta diputazioek niri neuri onartu didatenez, alderdi horrek izugarri eboluzionatu du; pauso eta erantzun asko eman ditu, eta deklarazio historikoak egin. Irmoki uste dut legeztatu egin beharko luketela». Oso garrantzitsutzat jo du ezker abertzaleak hurrengo hauteskundeetan parte hartzea, baina, utziko ez baliote ere, ez du uste ezker abertzaleak atzera egingo duenik, hark hartutako bideak «itzulerarik» ez duela sinistuta baitago. Bide batez, Arnaldo Otegi kartzelatik ateratzeko eskatu zuen, eta eman dioten tratua bidegabea izan dela salatu.
Beste gai batzuk ere aipagai izan zituen Currinek elkarrizketan. Besteak beste, kale indarkeria desagertu beharraz mintzatu zen, eta manifestazio eta adierazpen eskubideak bermatzeko eskatu zion EspainiakoGobernuari.
Currinen lana auzitan jartzen
Currinen hitzek izan dute oihartzunik. EAJko EBBkoburu Iñigo Urkulluk deitoratu egin du abokatu hegoafrikarra hedabideetan atera izana, eta «diskrezioa» eskatu dio. Gainera, alderdien mahaiaren proposamena baztertu du. «Aurreko prozesu batzuetako eskema da. EAJko buru moduan, ez dut onartzen auskalo noren asmoak asetzeko alderdien mahai bat eskatzea, eta hura erakunde terrorista batek oraindik hartu gabeko erabaki baten zaintzapean egotea».
PSE-EEko Jose Antonio Pastorrentzat, berriz, Currinen adierazpenek «edozein herritarrek egindakoen» balio bera dute. PPko Iñaki Oiarzabalek, berriz, ez du ezer jakin nahi «ETAk edo Batasunak kontratatutako gizon horri buruz».
Konfiantza eraikitzen hasteko eskatu die Brian Currinek alderdiei
Bruselako adierazpenaren eta Gernikako Hitzarmenaren izenpetzaileei ETAk noiz erantzungo zain dago abokatu hegoafrikarraEzker abertzaleak «oraintxe bertan» legeztatuta beharko lukeela uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu