Aralarrek konfiantza mozioa aurkezteko eskatu dio Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari. Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiaren arabera, uztailaren 6a baino lehen edo, luze jota, irailean aurkeztu beharko luke Barcinak konfiantza mozioa parlamentuan, eta, hura gaindituko ez balu, hauteskundeetara deitu beharko luke.
Aralarreko buruak Asun Fernandez de Garaialde alderdiko Nafarroako koordinatzailearekin eta Txentxo Jimenez parlamentariarekin batera egin du agerraldia, Iruñean. Konfiantza mozioa aurkeztuz gero PSNk «bere jarrera azaldu» beharko duela adierazi dute Aralarrekoek. Izan ere, haien ustez, halako ekimen batek PSN behartuko luke argi azaltzera Barcinaren murrizketen politika babesten duen ala ez. Sozialistek UPNri babesik ematen ez badiote, gobernua gutxiengoan dagoela agerian geratuko da, eta hauteskundeak aurreratu beste aukerarik ez luke izango Nafarroako gobernuburuak, Zabaletaren ustetan.
Zentsura moziorik ez
Gaur egun zentsura mozioa aurkeztea ez dela bideragarria argitu du Jimenezek. «Ezinezkoa da gobernu alternatiboa sozialistek zuzentzea, gizartean ez dutelako inolako osperik», adierazi du. Jimenezen aburuz, PSNrentzat ez litzateke sinesgarria eskuineko gobernu bat atzean utzi eta gobernu «alternatibo» bat eratzea.
PSN oposiziora ondorio guztiekin igarotzea nahi duela adierazi du Zabaletak, «UPN edo ezkerreko alderdien oposizioa aukeratu beharko du: ez dago erdibiderik». PSNk sinesgarri izan nahi badu, «autokritika» egin, bide politikoazuzendu eta «alderdi giltzarri» gisa dituen erantzukizunak bere gain hartu beharko lituzke, Zabaletarenustetan.
Aralarreko koordinatzaile nagusiaren esanetan, UPNren nahia da sanferminak eta udara iristea gutxiengoan dagoen gobernua «normalizatu» dadin. Hori, ordea, «arduragabekeria» litzatekeela uste du. Zabaletak nabarmendu du Nafarroako Gobernua ez dagoela krisian, azken urteetako sistema «bukatu» egin dela baizik.
Konfiantza mozioa aurkezteko eskaera Barcinari
Aralarrek dio Barcinak konfiantza mozioa gaindituko ez balu bozetara deitu beharko lukeela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu