COVID-19 gaitzaren izurriari aurre egiteko harturiko gizarte neurrien eragina aztertu du Erresuma Batuko Imperial College unibertsitateko zientzialari talde batek. Kalkulatu dutenez, %81 pertsona gutxiago kutsatu dira neurrioi esker mundu osoan, eta 3,1 milioi pertsona gehiago ez hiltzea ekarri dute, maiatzaren hasierarako.
Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, baina artikulua oraindik gainbegiratzeko dagoela ohartarazi dute.
Aztertu dituzten herrialde guztietan, konfinamenduak batetik behera jaitsi du izurriaren kutsatzeko ahalmena. Kutsaturiko pertsona bakoitzak beste bati baino gutxiagori pasatzen dionean gaitza, esaten da izurri bat kontrolpean dagoela.
Europako 11 estatutako datuak aztertu dituzte ikertzaileek, izurria zabaltzen hasi zenetik maiatzera arte, orduan hasi baitziren konfinamendu neurriak arintzen. Gaitzaren kutsakortasuna aztertu dute astez aste, eta martxoan ezarritako konfinamenduak hori nola murriztu duen ikusi dute. «Gure ereduak atzerantz kalkulatzen du, atzemandako heriotzetatik hainbat aste lehenago gertaturiko transmisioetara», idatzi dute ikertzaileek.
«Ondorioztatu dugunez, behatu ditugun herrialde guztietan, harturiko neurriak aski izan dira oinarrizko erreprodukzio zenbakia 1etik jaisteko». Halako gizarte neurriek, batez ere konfinamenduak, «eragin handia» dute kutsatzeak saihesteko, adierazi dutenez, eta «etengabeko esku hartzea» aholkatu dute, hau da, neurriak azkarregi ez lasaitzeko, koronabirusaren kutsatzea «kontrolpean» mantentzeko.