Konfinamenduko kuotak murrizteko eskatu diote Deustuko Unibertsitateari

Bi mila ikasle pasatxok agiri bat sinatu dute, tasak, ikasgaiak eta azterketak «egoerara moldatzeko» eskatzeko. 

Deustuko unibertsitatearen 2019-2020 ikasturteko hasierako ekitaldia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 19a
18:22
Entzun

«Nahiz eta gizarte guztia kaltetua irten den, oraingoan ere langile klasea izan da kaltetuena, ondorio larrienak jasan dituena. Eta talde horren barne garen ikasleok ere kaltetuak izan gara era zuzen batean, non unibertsitatea ez den gai izan egoera honi behar bezalako irtenbide bat emateko». Hala adierazi dio Deustuko Unibertsitateari ikaste talde zabal batek. COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoeraren inguruan eginiko hausnarketa izeneko agiria sinatu dute 2.019 ikaslek. Konfinamenduak eragin dien kaltearen berri eman diete horrela unibertsitatearen buruei, eta kuotak murrizteko, ikasgaiak eta azterketak moldatzeko, eta ikasleei ere erabakietan parte hartzen uzteko eskatu diete.

Koronabirusaren izurriaren eraginez «orain arte ezagutu izan dugun errealitate sozial, politiko eta ekonomikoa goitik behera aldatu» dela adierazi dute ikasleek. Halere, unibertsitateak «egitasmo akademiko berberarekin jarraitu nahi izan du aurrera, egoera berri honetara moldatu gabe», salatu dutenez. Internet bidezko eskolak ematea izan da erakundearen erantzuna, baina, ikasleen arabera, horrek ez ditu arazoak konpondu. Azaldu dutenez, «irakasle askok ez dituzte egokitzen zaizkien ordu kopuruak betetzen; hau da, metodologia berri honekin ikasleok jaso beharko genituzkeen irakaskuntza orduak ez dira betetzen».

Horrez gain, ikasle askok ezin izan dituzte Internet bidezko eskolak hartu, esan dutenez, eta oro har, «tratu pertsonalaren falta, bizitza pribatua eta akademikoa ezin banatzea eta kontzentrazio arazoak» pairatu dituztela azaldu dute. Unibertsitateak eskaintzen dituen beste hainbat zerbitzuz ere ezin izan direla baliatu nabarmendu dute, hala nola liburutegia, kirol instalazioak, kafetegia eta Interneterako sarbidea.

Konfinamenduak euren familien ekonomiari eragin dion kaltea mahai gainean jarri dute. «Halere, unibertsitateak ez du egoera ulertu nahi eta karga leuntzen lagundu», salatu dutenez. Izurria noiz bukatuko den ez jakiteak eragiten duen zama psikologikoa nabarmendu dute.

Hori argudiatuta, hiru eskaera egin dizkiote Deustuko Unibertsitateari. Azkeneko bi hilabeteen kuotak murrizteko eskatu diote, familiek ordaintzeko zailtasunak dituztelako, eta zerbitzuak ezin izan dituztelako erabili. Horrez gain, ikasgaiak eta horien ebaluazioa egoerara «behar bezala moldatzea» nahi dute, «talka ahalik eta gehien murritzeko». Azkenik, «ikasleria hezkuntza arloan eragina duten erabakien partaide zuzena izatea nahi dute», euren ordezkarien bitartez.

Deustuko Unibertsitatea pribatua da, Eliza Katolikoaren Jesusen Konpainiak sortutakoa. Euskal Herrian campusak ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Besteak beste, zuzenbidea, ingeniaritza, ekonomia eta psikologia eskaintzen ditu. 2020-2021eko ikasturteko zuzenbideko lehen kurtsoko ikasle batek 7.260 euro ordaindu behar ditu denera, eta medikuntzako batek, 14.850 euro, unibertsitatearen webgunearen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.