Xabier Mikel Errekondo Amaiurren Espainiako Kongresuko bozeramaileak arratsaldean baieztatu du ganberan taldea izatea eragozten dion erabakiaren aurkako helegitea sartu dutela. Gaur 20:00ak arteko epea zegoen helegiteak aurkezteko, eta Mahaiak astelehenean hartuko du erabakia, Bozeramaileen Batzordeko kideei entzun ostean. Ondoren, Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea jartzeko aukera baino ez legoke.
PPk eragotzi du bart, Kongresuko Mahaian, Amaiurrek talde propioa izatea, araudia erabat betetzen ez duela argudiatuta. Hau da, Mahaiak esan du koalizioak ezin duela momentuko sei diputatuekin taldea osatu —proposamen hori egin zuten atzo—, Amaiurrek Nafarroan ez zuelako "araudiak zehatutako" botoen %15 eskuratu. Sabino Cuadra Nafarroan aukeratu zuten diputatuak botoen %14,86 lortu zituen, baina ez zuen kargua hartu aste honetan Kongresuan eginiko saioan. Geroa Baik ere diputatua lortu zuen —Uxue Barkos—, botoen %12,84rekin.
Amaiurrek helegite idatzian dio Kongresuan antzeko aurrekari batzuk izan direla, eta taldea sortzea ahalbidetu izan zaiela. Errekondoren arabera, Mahaiak legediaren oso irakurketa "murriztailea" egin du, eta gogoratu du koalizioak lau herrialdeetan denera gainditu zuela %15. "PPk beldur dio konfrontazio politikoari".
PSOE eta CiU abstenitu egin dira Mahaiko bozketan, baina PPk du gehiengoa han —bederatzi kidetatik bost dira PPkoak—.
Amaiur eta Geroa Bai
Errekondok goizean esan du talde propioa izateko Geroa Bairekin ituna egitea planteatzen ari direla. RNE irratian mintzatu da Errekondo, eta PPren intentzioa zein den "nabarmena" dela adierazi du; "ez du jarrerarik guk taldea izateko, eta guk aurkeztutako edozein aukera atzera bota nahi du".
"Gaiari buelta asko eman dizkiogu, eta beste alderdiek diputatuak uzteko borondatea agertu digute. Hori IUrekin eta ERCrekin asko aipatu dugu, eta Geroa Bairekin taldea osa dezakegu", esan du Errekondok.
Barkos Geroa Baiko diputatuak aitortu du Amaiur berekin harremanetan jarri dela baina erantzun du dagoeneko ezin dela ezer egin, bera talde mistoan bozeramaile gisa erregistratuta dagoelako.
Patxi Lopezen kritika
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du "baldarkeria politikoa" izan dela Mahaiaren erabakia. Aralarrek PPri leporatu dio “guztiz erabaki politikoa” hartu izana.
Atzo UPDk Foru Asturiasekin akordioa egin zuen taldea izateko. UPD estatu osoan aurkeztu zenez, %5 behar zuen, baina bera bakarrik ez zen iristen, %4,69 lortu baitzuen. Foru Asturiasekin heldu da, eta Mahaiak balekoa eman dio.