politika

Kongresuko Mahaiak ordura arteko doktrina aldatu zuela argudiatu du Amaiurrek Konstituzionalean

Babes helegitea aurkeztu du. PPk, Kongresuko Mahaian duen gehiengoa baliatuta, eragotzi zion Amaiurri talde propioa osatzea; defentsak argudiatu erabakia aurreko legegintzaldietan erabili diren irizpideen kontrakoa dela eta kargu publikoa berdintasun baldintzetan eskuratzeko eskubidea urratu duela.

Pello Urzelai.
2012ko martxoaren 13a
19:03
Entzun

Amaiur koalizioak gaur goizean aurkeztu du Espainiako Kongresuan legealdi honetan talde propioa izatea ukatu dion erabakiaren aurkako babes helegitea Auzitegi Konstituzionalean, Madrilen. Amaiurren ustez, Kongresuko Mahaiak abenduaren 15ean eta 19an hartutako erabakiek Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikuluaren kontrakoak dira eta kargu publikoetara baldintza berdintasunean iristeko eskubidea urratzen dute.

Kongresuko Mahaiak ukatu egin zion Amaiurri taldea osatzeko eskaera —PPk du gehiengoa Mahaian—, behar besteko baldintzak betetzen ez zituela argudiatuz. Hauteskunde barruti guztietan %15 lortu beharra eta Amaiur Nafarroan kopuru horretara iritsi ez zela aipatu zuen Mahaiak hasierako erabakian, nahiz eta Nafarroan hautatutako diputatuak oraindik bere kargua ez zuen hartu eta taldea osatzeko eskaera ez zuen sinatu.

Iazko abenduan taldea osatzeko eskaera aurkeztu zuten eta orain helegitea aurkeztu duten Amaiurreko sei diputatuek argudiatu dute betebeharrak eta baldintzak betetzen zituztela eta bakoitzak bere hautesbarrutian botoen %15 baino gehiago lortu zuela. Halaber, Amaiurreko zazpi dipuatuek lau hautesbarrutien osotasunean botoen %15 lortzeko baldintza betetzen dutela nabarmendu dute, gaur aurkeztutako helegitean.

Amaiurren idatziak dioenez, “Kongresuko Mahaiaren erabakiek talde parlamentarioa osatzeko eskubidearen interpretaziorik okerrenera jo zuen” kasu horretan. “Mahaiaren akordioek ordura arteko ildo interpretatiboa aldatu egin dute, ex post eta kasu bakar baterako, justifikaziorik gabe eta arrazoitu gabe aurrekari parlamentarioetatik aldenduz”. Koalizioaren defentsaren ustez, bazegoen doktrina bat %15aren baldintza interpretatzeko orduan, eta kasu honetan Mahaiak doktrina horren kontra jo du Amaiur talde parlamentariorik gabe uzteko.

Defentsak argudiatu du Mahaiaren erabakiek Talde Mixtoan “hipertrofia” bat eragin dutela, bere funtzionamendua “distortsionatuz”, eta gutxiengoen eskubideak eta aniztasun politikoa kaltetuz.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.