Eneko Etxeberria. Gipuzkoako Uretako presidentea

«Konponbide ekonomikoena eta ekologikoena lortu dugu araztegietako lohientzat»

Lehortu gabe konpostatuta. Hala kudeatuko ditu araztegietako lohiak Gipuzkoako Urak partzuergoak. Konpost hori ongarri gisa erabil daitekeela azaldu du Eneko Etxeberriak, erakundeko presidenteak.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Andoain
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Araztegietako lohiak nola kudeatu erabaki ondoren, lohi horiek konpostatzeko gunea non kokatu aztertzen hasiko da orain Gipuzkoako Urak partzuergoa, Eneko Etxeberria presidenteak azaldu duenez. Azpeitiko alkatea ere bada Etxeberria (Azpeitia, 1971).

Araztegietako lohiak konpostatzea erabaki duzue. Zergatik?

2002an Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan Nagusian (PIGRUG) esaten zen araztegietako lohiak erre egin zitezkeela. 2008an, plan hori aurrera eramateko azpiegitura sarea onartu zen. Orduan, beste baldintza bat jarri zuten araztegietako lohien inguruan: zuzenean ezin zirela erre, hezetasun handia zutelako. Aurretik tratamendu termiko bat behar zuten. Erraustea, gainera, garestia zen: 150 euro tonako.

Hori ikusita, partzuergoko lehendakari izendatu zintuztenean, azterketa bat agindu zenuen.

Jakin nahi izan genuen zenbat kostatzen ziren tratamendu termikoa egiteko makinak eta, erre gabe, lohientzat zein irtenbide zegoen. Azkenean, konponbide ekologiko eta ekonomikoenaren alde egin dugu: lehortu gabe konpostatzea.

Non konpostatuko dituzue lohiak?

Teknikoki aztertu nahi dugu gure araztegietakoren batean jar daitekeen konpostagailu bat.

Zertarako erabiliko duzue konposta?

Zabor organikoarekin lortzen denarekin egiten den moduan, ongarri gisa erabil daiteke.

Zabor organikoarentzat izan arren, Azpeitian baduzue konpostatze planta bat. Nola dago Lapatx?

Duen diseinuagatik eta eginda dagoen moduagatik, Lapatxek kalte larriak sortu ditu Azpeitian.Aldundiari eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari arazoen berri eman diegu, eta Lapatxera eramaten den zabor organikoaren kopurua txikitu dute.

Eta zabortegia?

Guretzat poztekoa eta lasaitzekoa izan da aldundi honek esatea 2014ko abenduan itxiko dituela lurraldeko zabortegiak. Azpeitiarrok ondo baino hobeto dakigu zabortegi batek nolako arazoak eragiten dituen. Aldundiak aurkeztu duen plana egokia dela iruditzen zaigu.

Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak behin eta berriz esan du plana egitekooso kontuan hartu dutela udal askok zero zabor politiken alde egin duzuen ahalegina.

Egin duena logikoa da. Udalek dugu eskumena.

Atez atekoa jarriko duten herrien zerrendan dago Azpeitia. Nola dago egoera?

Udal gobernuak apustu garbia eta irmoa egiten du murriztearen, birziklatzearen eta berrerabiltzearen alde. Ikusi dugu atez atekoa ezarri duten herrietan nabarmen igo dela gaikako bilketa. Azpeitian bosgarren edukiontzia dugu. Hori guztia kontuan hartuta, garbi dugu, patxadaz, daukagun sistema hobetu behar dugula. Hori nola eta noraino egin, herritarrekin batera erabakiko dugu.

Hondakinen gaia gehiegi politizatu dela uste duzu?

Halako gaien inguruan eztabaidatzea ondo dago. Baina argi dago muturrera eraman bada arrazoi politikoengatik eraman dela. Europatik argi esan digute birzikla daitekeena ezin dela erre. Beraz, zer eramango dute errauste plantara? Gaia Ingurumen diputatuari zentsura mozio bat aurkezteko erabiltzea antzerki baten parte da. Foru gobernuaren hondakinen estrategia ez da aldatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.