ETAk Gara egunkariak gaur argitaratu duen elkarrizketa luzean dio erakunde armatua "sekula" ez dela mehatxu bat izango gatazkaren konponbide politikorako eta negoziazio politikoaren mahaian ez dela izango esan du. Urriaren 20an borroka armatua amaitzeko hartu zuen erabakiaren gogoetaren abiapuntua orain dela hamar urte kokatu behar dela diote elkarrizketatuek. Bi dira eta argazkian burua estalita eta ETAren anagramarekin agertzen dira hainbat argazkian. Urriaren 20ko erabakia historikoki ETAren sorrerarenarekin eta Franco hil ondoren borroka armatuarekin jarraitzeko erabakiarekin alderatu dute.
Elkarrizketauek elkarrizketan diote desarmea euren agendan dagoela eta prest dagoela ETA horretarako hitz egiteko. Desarmea bideratzeko onena aurrez aurreko elkarrizketa litzatekeela gaineratu du ETAk. Orain arte Espainiako Gobernuarekin zuzeneko bilerarik ez dela izan azaldu dute, baina "elkarren berri izan" dutela, bai, eta eurek dakitenaren arabera, PP ere jakinaren gainean zegoela diote. Frantzia gatazkaren parte dela ere badiote eta parte-hartze zuzena izan behar duela.
Azaroaren 20ko hauteskundeak irabazten dituenak irabazten dituela ere gatazka mahai gainean izango duela gaineratu dute. Kazetariaren galderari erantzunez Mariano Raxoiren erantzuna nabarmendu du ETAk: "Egia da erreakzioak orain arteko diskurtso ezkor, erasokor eta zentzugabearekin apurtzen duela. Une historiko honen aurrean, Espainiako presidente izateko aukera handiak dituenak gutxieneko arduraz jokatu behar du, eta pentsatzekoa da Raxoik horrela ulertu duela".
Preso eta iheslari guztien etxeratzea
Desarmeaz gain preso eta iheslarien egoera eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa ere mahai gainean jarri behar dela dio ETAk. Prozesuaren amaierak euskal preso guztien etxeratzea ekarri beharko lukeela diote bi elkarrizketatuek. Biktimei dagokionez ETAk dio sufrimendu handia izan dela Euskal Herrian, "baita ETAk sorturikoa ere". Horrez gain, ETAk dio erakunde armatuaren ekarpena "handia" izan dela 50 urtetan gaur egungo egoerara heltzeko eta gaur egun dauden baldintzak izateko. "Prozesua ez den beste aukerarik" ez dagoela dio ETAk, baina ez dagoela ezer lotuta: "Herritarrek egin behar dute prozesua, eta ezker abertzaleko militanteek erantzukizun handia dute. Inork ez digu ezer emango, guk irabazi behar dugu".
Hala ere, borroka armatuak "agortze zantzuak" ere ageri zituela esan dute. Orain "uzta jaso" eta estrategia berriaren mesedetan jartzeko garaia dela iritzi dio. Ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria ebazpenaren hausnarketarekin "bete-betean" asmatu zuela dio ETAk: "Askapen prozesuaren une historikoaren eta estatuen estrategiaren irakurketa egokia egin zuen. Urteetako borrokak sortu dituen baldintzen gainean, askapen prozesuaren geldiunea gainditzeko eta fase erabakigarrian sartzeko estrategia eraginkorra finkatu zuen".