KONPONBIDE PROZESUA

Konponbide prozesuaren aldeko agiria sinatu dute Ipar Euskal Herriko 17 auzapez eta kontseilarik

ETAk iragarri duen su-etenak “bide berriak” ireki dituela eta Euskal Herriko gatazkak konponbide politikoa behar duela aldarrikatu du Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako auzapez eta kontseilari talde batek. Agiri honekin prozesu berri bat abiatzen dela esan dute sinatzaileek. Iraila edo urrian eztabaida Europara eramango dute.

2006ko uztailaren 19a
17:04
Entzun
Gatazkaren konponbide politikoaren aldeko agiria Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren ekimenez plazaratu dute gaur goizean Baionan. ETAren su-etenaren ondoren, “ezin dugu bazterrerat utzi Euskal Herrian bakea eraikitzeko ordu on hau”, esan dute hautetsiek.

Betirako bakea lortzeko unea dela adierazi dute sinatzaleek, eta “konponbide politiko bat antolatu behar dela Euskal Herrian kausitzen diren politika sentsibilitate guzien artean”. Gaineratu dute, aterabide politiko horrek oinarrizko giza eskubideak errespetatu behar dituela, eta “Euskal Herrian diren ezberdintasun guzien errespetuan” oinarritu behar dela.

“Euskal Herrian orai gauzatzen ari den egoera berri honetaz kontu hartu” eta konponbide politikoarekiko inplikazioa erakusteko exijitu diete hautetsiek Espainiako eta Frantziako Gobernuei. Honekin batera,Euskal Herriko “politika aktore guzien laguntza eta parte hartzea” ere eskatu dute.

Agiria izenpetu dutenen artean 14 auzapez daude: J. Aniozbehere (Sara), P. Aspirot (Ainhoa),C. Bessonart (Senpere), Castaing (Jatsu), G. Florence (Ezpeleta), L. Darritchon (Bastida), R. Gamoy (Itsasu), A. Iriart (Hiriburu), M.a. Arbelbide (Heleta), S.Bacho (Arberatze), B.Oillarburu (Jutsi), P. Setoin (Aldudes), A. Etcheberry (Aloze), B. Eliceits (Suhuskune). Horiekin batera daude Beñat Gimenez (UDF, Angelu) eta Jean Michel Galant (AB, Baigorri) kontseilari orokorrak, eta Jean Lissar (Berdeak, Itsasu) Akitaniako kontseilaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.