"Konponbide prozesuaren logikan, espetxeetan eta ihesean daudenek herrirako bidea hartu behar dute", adierazi dute 50 preso ohik

Kartzelatik aurten atera diren dozenaka lagunek konponbidearen alde jarduteko deia egin dute: "Gatazkaren garaiak atzean utzita, datozenak soluzio urteak izatea nahi genuke". 

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko abenduaren 14a
15:51
Entzun

Preso ohien esanetan, konponbidea behin betikoa izan dadin, "denontzat izan behar du onuragarria". Gatazkaren ondorioei "osotasunean" heldu behar zaiela azaldu dute eta, beraz, euskal preso eta iheslari politikoen korapiloa askatu behar dela.

Hori "soluzioak eta bakea eraikitzeko urrats garrantzitsua" izango litzatekeela azaldu dute Bilbon, eta lehen urratsak "lehenbailehen" egitearen premia adierazi. Bide horretan, presoen eskubideak bete daitezela galdegin dute: gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatzea, "bizi osorako zigorra dakarten neurriak" bertan behera utz daitezela, eta euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzatela. 

Herrira mugimenduarekin bat egin dute. Urtarrilaren 12an Bilbon egingo den Herri Mobilizazio Orokorrean izango direla jakinarazi dute, eta bertan parte hartzeko gonbita egin diete herritarrei: "Denon artean Bilboko kaleak beteko ditugu. Denon artean hustuko ditugu espetxeak. Eta denon artean kartzela eta deserria herri honen historiako orrialdeetara eramango ditugu", adierazi dute Erika Bilbao eta Oskar Abad preso ohiek, guztien izenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.