Politika

Konponbidea erabaki eskubideari erantzuna ematean dagoela defendatuko du Ibarretxek

Ostiralean izango da Eusko Legebiltzarrean politika orokorrari buruzko eztabaida. "Ausardia politikoa" behar dela nabarmenduko du Jaurlarizako lehendakariak, eta ETAk jardun armatuari eutsi arren ekimen politikoak bultzatzearen alde egingo du. Hala ere, ekimen zehatzak ostiralean bertan iragarriko ditu.

2007ko irailaren 25a
16:01
Entzun
Ostiralean izango da Gasteizen Eusko Legebiltzarrean sasoi berria hasteko politika orokorrari buruzko eztabaida, eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak gatazka politikoaren konponbidearen muina euskal gizartearen erabakitze eskubidean dagoela defendatuko du ekitaldi horretan. Hala aurreratu du gaur Miren Azkarate Jaurlaritzaren bozeramaileak.

Hain justu, konponbidea bideratzeko ekimen politiko zehatzak aurkeztuko ditu Ibarretxek, baina horiei buruzko xehetasunik ez du aurreratu Azkaratek; ez eta Ibarretxek herri galdeketari datarik jarriko dion ere. "Lehendakariak zuzenean ganberan ezagutaraziko ditu ekimenak, Legebiltzarreko kideei zor dien begiruneagatik". Nolanahi ere, ekimen horien xedea"elkarrizketa ezaren eta indarkeriaren espirala" haustea eta "gatazka politikoaren konponbidea" bideratzea dela adierazi du.

Arestian aipatu bezala, konponbidearen muina erabakitze eskubidean dagoela agertuko du Ibarretxek; areago, eskubide horri "ausardia politikoz" erantzutean. "Arazo historiko hori konpontzeko ausardia politikoz eta oinarri demokratikoen aplikazio zorrotzaz erantzun behar zaio euskal herritarren erabakitze eskubideari", agertu du Jaurlaritzako bozeramaileak.

Ostiralean aurkeztuko dituen ekimenen artean bi arlotakoak bereiziko ditu Ibarretxek: batetik, indarkeriaren arazoari aurre egitekoak, eta, bestetik, gatazka politikoari buruzkoak. Bide horretatik, ETAk jardun armatuari eutsi arren ekimen politikoak bultzatzearen alde egingo du. "Ez du onartuko ETAk su-etena aldarrikatuz baimena eman arte ekimen politikorik aurkez ez daitekeenik", iragarri du Azkaratek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.