Hondarribiko alardea

«Konponbidearen aldeko estrategia bat» eskatu du Jaizkibel konpainiak

Hondarribiko alkateari eskatu diote betorik gabeko elkarrizketa mahai bat eratzeko. Jaizkibelen 1.000 pertsona inguruk desfilatu dute aurten.

Jaizkibel konpainiako neska-mutilak, eskopetekin. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 16a
13:39
Entzun

Betorik gabeko elkarrizketa mahai bat eratzeko eskatu die Jaizkibel konpainiak Hondarribiko Udalari nahiz bertze instituzioei.2023ko jaien eta irailak 8aren balorazioaren berri eman zuen konpainiak, atzo: «Konponbidearen aldeko estrategia argi eta zintzo bat adierazi dezatela hurrengo hilabeteetan». Zentzu horretan, alkateari elkarrizketa mahai bat eratzeko eskatu zioten: «Eragileren batek ez badu mahai horretan eseri nahi, gainerakoak hasiko gara konponbidearen aldeko prozesuari forma ematen». Mahaiaren behatzaile lanak egiteko Arartekoa proposatu dute, hura delako «giza eskubideak bermatzen direla ziurtatzen duen instituzioa».

Eskaerak eskaera, nabarmendu dute orokorrean «urte pozgarria» izan dela: «1.000 pertsona inguruk desfilatu dute Jaizkibelekin, eta kaleak ere gure aldeko keinuz eta txaloz beteta egon dira». Aurten Gernikako Arbolatik abiatu direla azpimarratu dute, baita bertze konpainietako kideek beraiei «harrera egin eta babesa erakutsi izana» ere. «Batzuek ekidin nahi dute elkarri babesa adierazteko eta elkarrekin ospatzeko espazioak sortzea, baina argi dago hondarribiar askoren nahia dela jaiak elkarrekin ospatzea», borobildu dute.

Espazio horiek, baina, Hondarribiko Udalak eginiko «keinuengatik» posible izan direla gogoratu dute, eta aurten, lehenbizikoz, Udal Gobernuko kideek eta alkateak harrera egin dietela.

Hondarribiko EAJk irailak 8aren bezperan argitaratutako testua, berriz, «benetan larritzat» jo du konpainiak. «Konponbidearen aldeko keinurik ez egiteaz gain, ezberdin pentsatzen dutenen arteko zubi guztiak apurtu nahi izan ditu idatzi horren bidez», erran dute. Gainera, Gipuzkoako EAJren eta Hondarribiko EAJren artean koherentziarik ikusten ez dutela azpimarratu dute.

Azkenik, Jaizkibel konpainiari ez zaio «neutrala» iruditzen beraien nahiz alarde baztertzailearen aldeko keinuak egitea: «Kezkagarria iruditzen zaigu eskubideak defendatzen dituzten pertsonak eta jarrera baztertzaileak dituztenak parekatzea. Ez da gauza bera eskubide bat defendatzea eta eskubide hori bera urratzeko 'sentsibilitatea' edukitzea».

«Boikota»

Horrez gain Hondarribia Berdintasun Hiria sarian gertatutakoa «irmoki» salatu dute. Adierazi dutenez, «eragileren batek sarrera guztiak aurrez hartu zituen, aretoa hutsik uzteko asmoz». Hala ere, kanpoan zegoen jendeak ateak irekitzea lortu zuen, eta barrura sartu ziren. «Argi dago batzuek duten arazoa Berdintasunarekin dela, baita beste herri batzuetako alardeak biziberritu eta eraberritzeko prozesuei ikusgarritasuna ematearekin», borobildu dute.

Jasan zuten «boikot» haren aurrean alkateak eta Abotsaniz eta EH Bilduko zinegotziek lagundu zietela ere gogoratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.