"Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta eskubide hau hitzarmen eta negoziazioaren bidetik erabiltzeko konpromisoa dira konponbidearen giltza", esan du Ibarretxe lehendakariak Washingtonen. Idahoko Estatuko Kongresuak eskubide hori aintzat hartu zuela gogoratu du. Halaber,lehen munduko gerraren ondoren, AEBetako presidente Wilsonek aipatu zuela ekarri du gogora, munduko nazioen arteko gatazkak saihesteko tresna gisa. Montenegroko kasua gogoratu ondoren, Quebec eta Kanadaren arteko gatazkaren aipamen berezia egin du. "Erabakitzeko eskubidea eta hitzartzeko beharra izan da beste gatazka batzuk konpontzeko gakoa. Hau da eredurik hoberena euskal gatazka konpontzeko, soilik giza-eskubideak eta printzipio demokratikoak erabiliz", azpimarratu du Ibarretxek Lehendakaritzak banatutako hitzaldiaren testuaren arabera.
Bide batez, Nazioarteko Komunitatearen zeregina goraipatu du lehendakariak, argi utzita protagonista nagusia konponbide politiko eta demokratikoa euskal gizartea dela. Europako Batasunak eta Aita Sainduak eskainitako babesa eskertuta, Nazio Batuen Erakundea "euskal gatazkaren konponbidearen alde espresuki agertzea oso berme garrantzitsua" litekeela nabarmendu du. Halaber, bake eta normalizazio prozesua sustengatzen duten nazioarteko pertsonalitate eta instituzioen esku-hartzea "funtsezko ekarpentzat" jo du Ibarretxek.
ETAren su-etenari dagokionez, "euskal gatazkaren konponbideari ekiteko aukera historikoa" ireki duela azaldu du Ibarretxek Washingtonen eskainitako hitzaldian.
Politika
Konponbidearen giltza erabakitzeko eskubidea dela azaldu du Ibarretxek Washingtonen
Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen alde hitz egin du gaur Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuaren menpeko bake instituan (USIP). Euskal gatazka zertan den eta ETAren su-etenak zer esanahia duen azaltzera joan da Ibarretxe, USIPek gonbidatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu