Baketzea

Konponbiderako akordioan sentsibilitate guztiak aintzat hartzeko planteamenduan EAJ, PSE eta Batasuna bat datozela nabarmendu du Imazek

PP ezik, gainerako alderdiak gatazkaren konponbidea ekar dezakeen alderdien mahaia eratzeko ahalegina egiten ari direla iritzi dio Josu Jon Imaz EAJko EBBko lehendakariak; areago, konponbiderako akordioa izan daitekeenaren inguruan planteamendu komun batzuk sumatzen dituela erantsi du. Hala, EAJk, PSE-EEk zein Batasunak azkenaldian gai horren inguruan hurbileko planteamenduak plazaratu dituztela adierazi du: hots, akordioan "sentsibilitate eta identitate guztiak" biltzekoa.

2006ko otsailaren 23a
12:25
Entzun
Nolanahi ere, Imazek argi utzi du alderdien mahaia eratzeko ezinbestekoa dela ETAk indarkeria albora uztea. "Euskadira bakea iristen denean, indarkeria agerraldiak iraganeko bihurtzen direnean, alderdi politikoek gai izan behar dugu mahai batean eseri eta Euskadiren etorkizun politikoa ulertzeko moldeari buruzko akordio bat egiteko", esan du ETB2ko 'El Punto' saioan egin dioten elkarrizketan. "Lehenik eta behin horrek elkarbizitza etanormalizazio politikoa lagunduko dituelako. Eta baita ere, denbora askoan indarkeria babestu duen ezker abertzalea bide politikoetara igarotzea lagunduko duelako".

Mahai horretan erabiliko beharreko metodologiaren inguruan indar politikoek jarrera diferenteak dituztela agertu du Imazek, baina horien gainetik, PP ezik gainerako alderdiak ahalegin handia egiten ari direla mahai hori posible izan dadin. "Ahalegin bat egiren ari gara adenok, elkarrizketa diskretuen bidez. Badut konfidantza etorkizunean euskal gizartearen borondatea errespatuko duen akordio bat lortzeko", erantsi du.

Akordio horren ezaugarri garrantzitsuenetako bat "sentsibilitate eta identitate politiko guztiak" bere baitan batzeko gai izatea dela azpimarratu du Imazek, eta, gainera, horretan jeltzaleak, PSEk eta Batasunak antzeko planteamendua dutela agertu du: "Astearten Pernando Barrenak honi buruz hitzegin zuen, eta esan zuen akordioak oso zeharkakoa behar duela, sentsibilitate eta identitate diferenteak batuko dituena. PSEk antzeko ideiak agertarazi zituen duela aste batzuk. Guk EAJkook, EBBk aho batez onartuta urrian plazaratu genuen agirian ere apostu hori egin genuen: aeukal gizartearen borondatea errespetatuko duen, gure herriko sentsibilitate diferenteak bilduko dituen, eta Madrilen betorik onartuko ez duen akordio baten aldekoa".

Biktimei buruz ere hitzegin du jeltzaleen lehendakariak, eta haiei erabateko errespetua zor zaiela, eta aintzat hartu eta babestu egin behar direla iritzi dio. Dena den, "pertsona irabazleak eta galtzaileak" dauden prozesu baten aurka agertu da: "Ideiek izan behar dute irabazleak edo galtzaileak, ez pertsonak. Eta irabazi behar duten ideiak giza eskubideak errespetatzearen aldekoak, demokraziaren eta elkarrizketaren aldekoak izan behar dute".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.