Bake prozesuaren aldeko mezua azkarki eramaten dabil Anita Lopepe (1976, Uharte Garazi). Ondoan, beste hautagai anitzek ere jarrera berdina adierazten dute pertsonalki, «ongi sendi dutelako Ipar Euskal Herriko gizartearen iritzia». Jarrera pertsonaletik haratago joan behar direla dio, eta hori «alderdiaren jarrera eraginez». Sozialistak ditu gogoan, «gobernuari urrats konkretuak eraginarazteko erantzukizuna dutelako».
Ezkerreko aldarriei eta mezu abertzaleari garrantzi bera ematen diezue kanpaina horretan.
Egoerari so egitean, ohartzen gara bi erronka handi baditugula. Alde batetik, krisi ekonomikoari erantzuteko beharra, eta, bestetik, erantzukizunez erantzutea Euskal Herrian hasi den egoera berrian. Entzuten da zorroztasuna dela pasabide bakarra krisia dela eta; sakrifizioak egitea galdatzen zaie denei, eta, batez ere, langileei. Gero iluna anitz aipatzen zaigu, baina guk ilusioa ekarri nahi diegu herritarrei. Krisi hau ez da herritarrek eragindakoa; beraz, ez dagokie herritarrei horri erantzutea. Sistema kapitalistaren krisia da, eta sistema bera da aldatu behar krisitik ateratzeko. Euskal Herriko egoera politikoari begira, gatazkatik ateratzeko itxaropen giro bat sortua da, abertzaleon urrats erabakigarriei esker. Itxaropen giro hori egiazko bake iraunkor bilaka dadin, erantzukizun handia dugu denok, hemengo herritar eta hautetsi guztiok .
Ekonomia eta finantza sistema aldatu behar dela diozu. François Hollande presidente berriaren neurriek aldaketa dakarte edo logika berean segitzen du?
Ez da arras berdina, baina ez du sistema bera zalantzan jartzen. Sozialistek neurri sozial batzuk proposatzen dituzte liberalismoaren ondorioen eztitzeko, baina ez arrazoien aldatzeko. Eskuinaren gisa, sozialistek ere ez dute planteatzen nahitaezkoa eta beharrezkoa den aldaketa.
Zuen gizarte egitasmo alternatiboa zertan oinarritzen da?
Gure proiektuak koherentzia bat badu, aterabidea ekarri nahi diogulako kaos global honi, baina, betiere, bertatik abiatuta. Krisiari begirako erantzun bat da Euskal Herriarendako dugun proiektua. Laborariak beren lanetik ezin biziz dira, eta lantegiak, berriz, hesten, badirelako mekanismo batzuk jendeak gainditzen dituena; ez dugu kontrolik horien gain. Guk diogu tokiko eta hurbileko botere bat behar dela, aukera ukango duena finantza merkatuen eta multinazionalen eraginetik kanpo aritzeko. Euskal Herrian potentzial ikaragarria bada, baina tresnak falta zaizkigu hori guztia hemendik bertatik kudeatzeko.
Laugarren barrutian, batez ere baserri munduan sendi duzue zerbitzu publikoen desagerpena. Zer proposatzen duzue horri begira?
Argi da zerbitzu publikoen aurkako erasoaldi orokor bat badela. Hainbat zerbitzu pribatizatzen ari dira, eta hori lanjerra da, logika kontulari batean izanki errentagarritasunaren arabera ari garelako. Zuberoan, balio dea eskola bat atxikitzea hamar haurrendako? Oztibarren, merezi ote du posta egunero irekitzea mila biztanleentzako? Logika horren arabera, ez. Guk diogujendeen beharretarik abiatu behar dela. Dirua bada, ez da sekula hainbeste izan, aberastasunen banaketa zuzenago baten alde gaude. Lehentasunez, lurralde osoan zerbitzu publikoen segurtatzeko izan behar du diru horrek.
Bake prozesuari doakionez, Manuel Valls Frantziako Barne ministro berriak dio orain arte bezala segituko dutela, Espainiarekin elkarlanean.
Vallsen adierazpenek erakusten digute betiko errezeta zaharrekin segitu gogo dutela. Agian, okerrago ere bai, diotelako ETAk armak itzuli behar dituela bere borondatearen erakusgarri, Frantziako Estatuak berak ez duelarik bere borondatea oraindik erakutsia. Euskal Herrian bertan behar da osatu gatazkaren konponketaren aldeko mugimendu azkar eta sendo bat, presio horren bidez estatuen esku hartzea behartzeko. Gai hori mahai gainean daukagu, posizio argi bat hartzera behartzeko beste hautagaiak. Guk berehalako neurri batzuk eskatzen ditugu: Frantziaren adierazpen argi bat, elkarrizketarako prest dela dioena; errepresioaren eta salbuespenezko prozeduren gelditzea; eta presoen askatzea. Presoak atxikiak dira mendeku politika bat egiteko; parean, presoek adierazia dute konponketa prozesuan partaide izateko nahikaria. Tokia ukan behar dute prozesuan, baldintza egokietan. Ondotik, gatazkaren konponketa integrala izanki, gatazkaren erroei ere erantzun beharko zaie.
Beste hautagaiek ez dute idatzibake prozesuaren aldeko mezurik programan, baina gehienek diote alde direla pertsonalki.
Hautagai gehienek ongi sentitzen dute Ipar Euskal Herriko jendartearen iritzia; badakite prozesuaren aurka mintzatzea ez litzatekeela egokia. Baina,hauteskundeetako interesetarik kanpo, badira batzuk pertsonalki parte hartu dutenak, eta hori txalotzen dugu. Zinez urrats bat egin nahi badugu, Frantziako estatuan ordezkatuak diren alderdi politikoetakoek beharko dute joan jarrera pertsonala baino haratago, beren alderdiaren jarrerari eraginez. Alde horretatik, hemengo ordezkarisozialistek, beren iritziaz haratago, gobernuari urrats konkretuak eraginarazteko erantzukizuna dute. Baina ohartzen gara sozialistak usu bizpahiru ahotsetan ari direla kantuz, ez direla harmonian... Ondorioz, ez dakigu zein den haien jarrera. Gauza konkretuak egiteko paradak izan dira, baina ez dira egin. Adibidez,Jon Anzaren kasuan, Euskal Herriko diputatuek inoiz ez dute interpelaziorik egin Parisko Legebiltzarrean. Diskurtsoak badira, baina, ekintzei doakienez, ez dira behar diren aitzinamenduak ikusten.
Lurralde kolektibitate autonomoa aldarrikatzen duzue. Hautetsien Kontseiluaren gogoetaz zer diozue?
Baikorki baloratzen dugu, aukera guztiak aztertu dituelako eta eragile guztiak entzunak izan direlako. Eskumenei buruz ere, lan bat egin da. Garapen Kontseiluak bere iritzia eman du; orain, Hautetsien Kontseiluak erantzukizun handia du; edo erabakitzen du status quo-arekin segitzea, ezer ez aldatuz, edo kontuan hartzen du lurraldeak eskatzen duena eta, ausardiaz jokatuz, aldaketa instituzional bat proposatzen du. Arduragabekeria handia litzateke status quo-aren alde egitea; bereziki, garai honetan, dakigulako bakea molde iraunkorrean aitzinarazi nahi badugu erantzun nahikoa eta egokia behar zaiola eman onarpen instituzionalaren gaiari.
Euskararen ofizialtasuna eskatzen duzue. Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetuko duela dio Hollandek. Baikor edo mesfidati zara?
Hori baikorra da; guk ere eskatzen dugu. Baina ez dakit zenbatetaraino gauzatuko duen. Argi dena da gaur egun jende eta alderdi gehienek euskararentzako ezagupen maila bat eskatzen badute abertzaleen urte luzeetako lanari esker dela. Baina estatutu bat galdatzearen eta zein estatutu behar den erraitearen artean ezberdintasuna bada. Guk ofizialtasuna nahi dugu, euskara frantsesaren hein berean ezarriko duen estatutu juridiko bat. Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) mugarik handiena da erabakiak osoki eskapatzen zaizkiola, eta EEPren autosatisfamendu adierazpenek ezin dute hori gorde. Alde horretatik ere, lurralde kolektibitate bat beharrezkoa da, martxan ezartzeko nahi dugun hizkuntza politika eraginkor bat.
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Anita Lopepe. EH Bairen hautagaia
«Konponketaren aldeko mugimendu azkar bat osatu behar dugu»
Laugarren bozka barrutian aurkezten da Anita Lopepe; gatazkaren konponketarako aldarrikapenaren proposamena hedatzen dabil, baita gizarte egitasmo alternatibo batena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu