Gizartea

Konposta egiteko planta inauguratu dute Azpeitian, Gipuzkoako aurrena

Lapatxeko zabortegiko plantak urtero 3.500 tona hondakin tratatzeko gaitasuna dauka. Konpostaje planta egiteko 2.600.000 euro inbertitu dituzte. Markel Olano ahaldun nagusiak egun garrantzitsutzat jo du gaurkoa.

2008ko ekainaren 4a
14:34
Entzun
Nerea Uranga (Urola Kostako Hitza)

Gaur inauguratu dute Azpeitian (Gipuzkoa) Lapatx zabortegian konposta egiteko planta, Gipuzkoan martxan jarri duten aurrenekoa da. Sukaldatu gabeko hondakin organikoak bildu eta konposta egingo dute bertan. 2016. urterako 60.000 tona hondakin konpostatzeko asmoa dute.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan duenez, Lapatxeko planta martxan jarrita gainerako azpiegiturak abian jartzeko "pauso garrantzitsua" eman dute. "Apustu garbia da gure hondakinak birziklatzeko, konpostatzeko eta berriro erabiltzeko eta balioztatu beharreko gainerako zatia ahal den txikiena izateko, herritarren kontzientziazioa eta parte-hartzea arrakastaren gakoa izateko". Lapatx Zabortegia S.A.ko presidente Julian Eizmendiren arabera, "lurraldeko arazo eta erronka nagusienari bide bat ireki zaio Lapatxko plantarekin".

Hondakinetako materia organikoa berreskuratzea "goi mailako erronka" dela nabarmendu du Carlos Ormazabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatuak, "kontuan hartu behar baita zabor poltsa bakoitzaren %42 dela eta, beraz, konpondu beharreko arazoaren %42". Gaineratu du zaborraren artean tratatzeko zailena den hondakina dela gai organikoa, "bere konposizioa heterogeneoa delako eta herritarrei inplikazio handia eskatzen zaielako".

Lapatxen konpostaje planta egiteko 2.600.000 euro inbertitu dituzte. 2.100.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamenduak finantzatu du eta gainontzeko 500.000 euroak Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietateak (GHK). Lapatxeko plantaren kudeaketaz GHK arduratuko da eta Urola Erdiko Mankomunitatearen esku egongo da. Jose Ignacio Etxezarreta GHKko arduradunaren esanetan, lehen fasean "kalitateko konposta" egiteko helburua dute; "erronka ez dago kantitateari lotuta bakarrik, kalitatea ere behar-beharrezkoa baita".

Plantak bi danbor ditu eta urtero 3.500 tona hondakin tratatzeko gaitasuna dauka. Sukaldatu gabeko hondakin organikoak edukiontzi marroietan jaso eta Lapatxeko plantara eramango dituzte. Plantako danborretan sartu eta hamabost egunetan tratatuko dituzte hondakinak, eta gero konposta kanpoan bilduko dute bi hilabetez, oxigenazio prozesurako. Ziklo hori bukatuta, merkaturatzeko prest izango dute.

Esperientzia pilotua

Azpiegitura berri honen lehen fasea urtebeteko esperientzia pilotua da eta Gipuzkoako sei udalerrik parte hartuko dute: Azpeitia, Azkoitia, Zumaia, Zarautz, Aretxabaleta eta Donostiak (Amara auzoak). Gero, 2009. urtetik aurrera, Urola Erdiko, Urola Kostako eta Debabarrenako mankomunitateen beharrak beteko ditu Lapatxek.

Lapatxeko plantaz gainera, 2009rako Gipuzkoan beste bi trataleku martxan jartzea aurreikusten ditu Foru Aldundiak: bata Sasieta inguruan eta bestea Donostian.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa joan den astean hasi zen materia organikoen bilketa ezartzen. Aipatutako sei udalerri horietan 250 edukiontzi jarriko dituzte; aste honetan 26 jarri dituzte Azpeitian. Edukiontziak giltzarekin funtzionatuko dute eta dagoeneko 5.000 lagunek eman dute izena parte hartzeko (horietatik 400 baino gehiago Azpeitikoak dira). Hasierako fasea bukatzean, Gipuzkoa osora zabaltzeko asmoa dute egitasmoa, eta 2016. urterako 60.000 tona tratatzeko nahia dute, "Hondakinen Plan Orokorrak (GHHKPO) hasieran zituen helburuak hirukoiztuz".

Arduradun politikoek azaldu dutenez, "konposta egiteko programaren arrakasta gizartearen parte hartzearen mende dago erabat, eta asmoa da laguntzeko euskarri osoa eskaintzea parte hartzen duten familiei".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.