Egungo datuetatik abiatu da EH Bildu, bestelako hondakin kudeaketa bat proposatzeko: "Iazko datuei erreparatuta, [Bizkaiko] Foru Aldundiak berak aitortu duenez, Bizkaian hondakin organikoen %0,58a konpostatu zen soilik. Beraz, hondakin organikoen %99 baino gehiago errefusarekin batera nahastuta, Zabalgarbin erre da edo zabortegietara bideratu da".
Koalizioak argudiatu du egungo datuek "agerian" uzten dutela Europako Batasunak ezartzen dituen helburuetara heltzeko "hobekuntza nabarmenak" egin behar direla herrialdean. Norabide horretan, lau proposamen egin dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari: sukaldatutako organikoa konpostatze katera gehitzea, organikoaren bilketa handitzeko eta konpostatzeko "garatu daitezkeen esperientzia pilotu berriak" lagundu eta bultzatzea, herri handietan bosgarren edukiontziaren erabilera zabaltzea eta landa inguruetan autokonposta sustatzea. Mallabia, Berriz eta Larrabetzuko kudeaketa sistemak jarri ditu eredu gisa.