Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak Lapatxeko (Azpeitia, Gipuzkoa) hondakin organikoentzako konpostatze planta handituko du, baina ez du, «oraingoz», besterik eraikiko, Carlos Ormazabal partzuergoko lehendakariaren iritziz, «gaur egungo beharrak asetzen dituelako». 2016rako 60.000 tona materia organiko jasotzeko helburua du jarria partzuergoak. «Udaletxeetatik etortzen denaren araberako azpiegitura behar dugu, eta horrek errealistak eta zehatzak izatea eskatzen digu. Eskaerak adierazten digu planta batekin nahikoa dela». Atez ateko sistemaren eta bosgarren edukiontziaren bitartez jasotzen den hondakin organikoa handituko balitz konpostatze planten kopurua «berrikusiko» luketela gaineratu du Ormazabalek.
BERRIAk asteartean argitaratutako albistea baieztatu, eta Zubietako errauste planta egiteko ardura FCC buru duen enpresa taldeak izango duela iragarri zuen atzoGipuzkoako Hondakinen Partzuergoak. Tribunalak «aho batez» onartutako erabakiaren ondorioz, FCCk, Zerbitzuk, Altuna y Uriak eta AE&E Inovak osatutako enpresa taldeak eraiki eta jarriko ditu martxan Zubietako aurretratamendu biologikoko gunea eta errauste planta, 223,4 milioi euroren truke —BEZa gehitu behar zaio—. Adjudikazioak hondakinen kudeaketarako gunea bost urtez ustiatzeko kontratua darama barne, kostu finkoetarako 5,4 milioi eurorekin eta errausten den hondakin tona bakoitzeko 4,16 euroko gastuarekin. Gunea kudeatzeko akordioa beste bost urtez luza liteke.
FCC buru duen enpresa taldeak Befesak, Galdianok, Antzibarrek, Thyssen Groupek eta Novergiek osatutakoak baino balorazio tekniko eta ekonomiko hobea lortu du. Ormazabalen arabera, «lehen mailako proiektu teknikoa proposatu du, egun, mundu osoan garatzen ari diren teknologia modernoak kontuan izanda», eta43 punturen aldea atera dio lehiakideari.
Proposamen ekonomikoari dagokionez, Befesaren eskaintza 10 milioi merkeagoa izanda ere (213,9 milioi euro), FCCren taldeak bost puntu gehiago lortu ditu, gas, ur eta elektrizitate kontsumo txikiagoa proposatzen duelako. «Kontsumo txikiagoak eta sorkuntza elektrikoko errendimenduak aise orekatzen du bien artean dagoen zifra hori», adierazi zuen Ormazabalek.
Zubietan kokatuko den hondakinen kudeaketarako guneak bi instalazio nagusi izango ditu: aurretratamendu biologiko mekanikoko gunea eta energiaren baloraziorako gunea, errauste planta alegia. Plantak 260.000 tona jasotzeko gaitasuna izango du.
Proiektu osoak 432,2 milioi euroko kostua izango duela jakinarazi du partzuergoak, eta horietatik 378,1 milioi euro azpiegituretan gastatuko dutela. Hilaren 3an Europako Inbertsio Bankuarekin sinatutako akordioaren arabera, EIBren 195 milioi euroko mailegua jasoko du partzuergoak, eta Caixa eta Banestoren aldetik, beste 68 milioi. Gipuzkoako Diputazioak 125 milioi jarriko ditu.
Befesak errekurritu egingo du
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak errauste plantaren eraikuntza lanak FCC buru den taldeari eman izanak iskanbila sortu du, Befesaren taldeak salatu baitu partzuergoak beste elkartearen alde jokatu duela. Hain zuzen ere, Befesak idatzi bat aurkeztu zuen ostegunean, besteak beste, adierazteko FCC buru duen enpresa taldeak ez dituela bete klausula agiriaren baldintzak, taldeko enpresa batek (AE&E Inovak) ez dituelako fidagarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen. Ormazabalek, ordea, ukatu egin du salaketa: «Hasieratik bukaerara, prozesua gardena izan da. Eta Zuricheko (Suitza) auzitegi batek baieztatu digu AE&E Inovak ez duela inolako gabeziarik».
El Mundo egunkariak atzo argitaratu zuenez, partzuergoaren administrazio kontseiluari arrazoibideak aurkezteaz gain, Befesak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkeztuko du. Izan ere, enpresa talde horren arabera, AE&E Inovaren gaitasun ekonomikoari gaineratu behar zaio FCC buru duen taldeak aurkeztu duen eskaintza ekonomikoak «inkongruentzia larriak eta akats teknikoak» dituela. Informazio horren arabera, Befesaren enpresa taldeak salatu du proposamen irabazleak aurkeztu dituen berreskuratze datuak eta eraginkortasun energetikoa «eutsiezinak» direla arlo teknikoari erreparatuta.
Nolanahi ere, etor daitezkeen errekurtsoen inguruan, partzuergoak ez du eraikuntza proiektua geldiarazteko arrazoirik ikusten. «Administrazio kontseiluan errekurtsoa aurkezten badute, lehenbailehen deituko dugu asanblada erabaki dezan».
Partzuergoak egindako aurreikuspenen arabera, zaborraren tarifa KPIa + %1 igoko da urtero 2015era bitartean, eta urte horretatik aurrera, berriz, KPIa. Proiekzio hori egiteko orduan, partzuergoak aurreikusi du birziklatzen den hondakinaren portzentajea gaur egungo %37tik %60ra pasako dela 2016an. Nolanahi ere, Ormazabalek ez du argitu errentagarritasuna ez balitz esperotakoa tarifak igoko dituzten.
Udalak, derrigortuta
Partzuergoak baieztatu du jasotzen dituzten hondakinak partzuergoaren tratamendu plantetara eramatera derrigortuak daudela udalak. «Batzar Nagusiek onartutako garapen agiriak hori agintzen du. Udalek beren eskuduntzak mankomunitateen esku utzi dituzte, eta mankomunitateek hondakinen partzuergoan. Eskuduntza horrek hondakinen tratamenduari eragiten dio, ez hondakinen jasotzeari. Udalek nahi bezala jaso dezakete hondakina, betiere kalitatezkoa bada».
Errauste plantaren eraikuntza lanak adjudikatuta, datozen hamahiru hilabeteetan eraikuntza proiektua idatziko da, eta 2012ko ekainean instalazioen obra eta muntaketa hasiko dira. Lanek 24 hilabete iraungo dute, eta 2014aren amaierarako errauste planta lanean izatea espero dute.
Konpostatze plantarik ez da egingo, «beharrik» ez dagoelako Gipuzkoan
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak FCC buru duen taldeari eman dio Zubietako errauste planta eraikitzeko arduraBefesaren taldeak salatu du partzuergoak beste enpresaren alde jokatu duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu