«Konpromisoa biderkatzeko» eskatu dute, prozesuak aurrera egin dezan

Antolatzaileek mobilizatzen jarraitzeko eskatu dute, eta Otegik, gutun bidez, hartutako bidean sakontzeko

Maribi Ugarteburu, Arnaldo Otegik Bateraguneko auzipetuen izenean idatzitako gutuna erakusten. RAUL BOGAJO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Euskal Herrian zabaldutako bakerako aukeren eta konponbide demokratikoaren aurkako oztopo bat gehiago» da Bateragune auzian epaitutakoei ezarritako zigor epai gogorra, manifestazioa antolatu duten alderdi eta eragileen ustez. Egoitz Askasibar ESAITeko kideak eta Marijo Romero LABekoak protestaren amaierako ekitaldian salatu dutenez, «Euskal Herrira bakea, demokrazia eta askatasuna ekartzeko borondatearen aurkako erasoa» da. Izan ere, haien hitzetan, urte luzeetarako espetxeratu dituzten bost politikarien «delitu bakarra Euskal Herrian eta nazioartean aski ezaguna eta aitortua den lan politikoa egitea izan da». Areago, Bateragune auzia sortu izanaren «arrazoi bakarra» horixe dela ohartarazi dute.

Horregatik, «nahikoa dela» esan diote, «ozen», Espainiako Estatuari. «Epaiketa eta zigor politikoek behin betiko eten behar dute. Euskal Herriak aterabide demokratikoak behar eta exijitzen ditu».

Eskaera horixe egiteko alderdi politiko, sindikatu eta «mota guztietako eragileak» beste behin elkartu egin direla gogorarazi dute. Bilboko kaleak elkarrekin ibili dituztela, «milaka eta milaka herritarrekin batera».

Baina, Espainiako Auzitegi Nazionalak, «urteetan eraikitako makinatzar juridiko-politiko horrek, salbuespenean oinarritutakoak eta bultzada politikoz aritzen denak», bere horretan jarraitzen duela ohartarazi dute. Ondorioz, Euskal Herrian oinarrizko eskubideak urratzen jarraitzen duela, eta «zabaldutako prozesu demokratikoa galarazten eta blokeatzen duten egoerak egiten» jarraitzen duela.

Halako «erasoen» aurrean konpromisoa biderkatzeko» deia egin dute, beraz. «Horrela lortuko dugu oinarrizko eskubideen urraketa guztiei amaiera ematea eta betirako soluzioen prozesua galarazten duten egoerak bukatzea, gure etorkizunaz bake eta askatasunean erabakitzeko behar dugun egoera berria eratu dadin».

«Epaiketak, kondenak, atxiloketak eta espetxeratzeak betirako amaitu» eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatu daitezen, «mobilizatzen jarraitzeko» eskatu diete herritarrei.

Horrez gain, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioa babestuta erakutsitako «konpromisoa» txalotu dute eragileek, «egoerarik zailenean ere aterabide demokratikoen alde egin duen apustuagatik».

Bateragune auziagatik hamar eta zortzi urteko zigorra jasota espetxean dituzten Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Miren Zabaletak, Arkaitz Rodriguezek eta Sonia Jacintok ere zuzenean hartu dute hitza, Otegik espetxetik igorritako eskutitzaren bidez. Prozesuari jarritako oztopoak salatu, eta konpromisoak hartu eta betetzera dei egin dute.

Espetxeratutako politikarien hitzetan, «ezker abertzalearen estrategia aldaketa modu ordenatu eta bateratuan egitea saihestea» zen duela bi urte Bateragune auzia sortuta egindako sarekadaren helburua. Orain, epai gogorraren helburua ere argi du Otegik: «Datozen aste eta hilabeteetan, hartutako estrategia berriaren norabidean urratsak egin eta Euskal Herrian agertoki berri bat behin betiko ezar dadin saihesten saiatzea». Baina, Otegiren hitzetan, duela bi urteko helburu hura ez zuten lortu, «eta ez dugu utziko bigarrena lor dezaten».

Zigortuen ustez, estatuan badira oraindik «Euskal Herriko bakea eragoztea helburu duten ahalmen handiko indarrak». Eta, horren aurrean, «euskal prozesu demokratikoaren alde» daudenei luzatu die deia: «Erabakitako bidean sakondu, eta hartutako erabakiak zein konpromisoakbete —gure herriarekin eta nazioarteko komunitatearekin— , guk hautatutako estrategia berrian sakontzea delako erantzunik hoberena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.