ABERRI EGUNA

Konpromisorako unea

EAJk, EAk, ABk, Udalbiltzak eta Udalbidek, nork bere deialdi nazionala egin du Aberri Egunaren harira, Euskal Herria eta erabakitzeko eskubidea izango dute guztiek hizpide egingo dituzten ekitaldietan

DONOSTIA
2006ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Une berezia, itxaropentsua eta konpromisoa agertzekoa. Hitzetik hortzera izan dituzte hitz horiek Aberri Egunerako deia egin duten eragile eta alderdietako bozeramaileek. Euskal Herriko gizarteak erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatuko dute gaur, Aberri Egunean, alderdi politiko abertzaleek, Udalbiltzak eta Udalbidek. Euskal naziotasuna goraipatuko dute, eta ETAren su-eten iraunkorra dela- eta hasi den aro politiko berria izango dute hizpide.

Baina nor bere aldetik arituko da. Deialdi bateratuak Udalbiltzak egin ditu, eta zenbait herritan erantzuna jasoko dute. Baina Aberri Egun bateratua ospatzeko abertzaleen deialdi nazional bakarrik ez da oraingoz.

- EAJ:Aberri Berria lelopean ospatuko du EAJk Aberri Eguna. Ohi bezala, ekitaldia Bilboko Plaza Barrian izango da, 12:00etan. Eusko Jaurlaritzakolehendakari Juan Jose Ibarretxek eta EAJren EBBko lehendakari Josu Jon Imazek ekitaldi politikoa egingo dute. @:«Konpromiso erradikala» agertzeko unea dela esan zuen Imazek, Aberri Egunerako deialdia egin zuenean. «Euskal nazioa eraikitzeko akordioa era sendoan finkatuko duen hitzarmenaren aldeko konpromiso erradikala». Alderdi politikoetako ordezkariek lortu beharreko hitzarmen horrek, Euskal Herriko sentsibilitate eta identitate politiko guztiak integratu beharko dituela uste du. EAJk, euskal nazioa eraiki ahal izateko hitzarmenak lortu ahal izateko lan egingo duela adierazi zuen. Euren ustez, hori da «nazioaren batasunaren alde, eta pertsona guztiak integratuko dituen nazio sendoaren alde» lan egiteko bidea. Mezu nagusi hori helarazitako dute gaur Bilboko Plaza Barrian.

- batasuna: Batasunak ez du Aberri Egunerako ekitaldirik antolatuko, eta bat egin du Udalbiltzaren deialdiekin; bai Iruñean, Anaitasuna pabiloian Udalbiltzak egin duen deialdiarekin, bai Euskal Herriko zenbait udalerritan, udaletxeen aurrean deitu dituen ekitaldiekin. Euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen alde egingo du Batasunak Aberri egunean. «Lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea errespetatu beharko dituen mahai horretatik etorriko da denok desio dugun etorkizun aske eta demokratikoa», adierazi du prentsa oharrean. Bide hori egiteko, konpromiso irmoak hartzera dei egin du. Bestetik, Aberri Egunaren baitan, aitortza berezia egin nahi izan die ezker abertzaleko militanteei, «espetxeetan, sasian, erbestean eta lanean dutenei».

- EA: Gernikako Merkatu Plazan ospatuko dute. 12:30ean EAko presidente Begoña Erraztik eta EAko idazkari nagusi Unai Ziarretak hitzaldia emango dute. Ondoren, herri bazkaria egingo dute, 14:00etan. Gazte Abertzaleek ostiralaz geroztik zenbait ekitaldi antolatu dituzte, Aberri Egunaren harira. Aurtengoa «berezia» izango dela esan zuen Onintza Lasa EAko Komunikazio arduradunak. ETAren su-etenak eragindako «poza» presente egongo delako batetik, baina «konpromiso garaia» ere badelako, bestetik. Konponbidea iraunkorra izan dadin gatazka sortu duten erroei heltzeko eskatuko du EAk Aberri Egunean, eta, Lasaren hitzetan, horrek esan nahi du euskal herritar guztiek euren erabakitzeko eskubidea dutela eta erabaki hori errespetatua izan behar dela onartzea. EAk ez du aurten lelorik hautatu.

- AB:ABk Heletan (Nafarroa Beherea) ospatuko du Aberri Eguna.Euskal Herria nazioa! lelopean bilduko dira. Euskal herritarren erabaki eskubidearen inguruan eztabaidatuko dute, eta zenbait euskal alderdi eta sindikatuetako ordezkariek parte hartuko dute eztabaidan, Euskal Herriak hitza, nola erabaki izenburupean. Horren ostean, 12:30ean, ekitaldi politikoa egingo dute. Ekitaldi horretan oroitarri bat ezarriko dute Heletako hilobian, Popo Larre eta Maddi Hegi heletarren omenez. Bi omenduak IK-ko militanteak ziren, eta horrela «gatazkaren ondorioz hildakoei» omenaldia egin nahi die ABk.

-ARALAR: Aralarrek bat egingo du ABk Heletan egin behar duen ospakizunarekin. Ekitaldian, Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatuko dute, eta nazio izaera horrek ematen dituen eskubideak betearazteko eskatuko dute. «Naziotik estatura igarotzeko Euskal Herriko gizartearen bultzada behar-beharrezkoa da».

-UDALBILTZA: Aurtengo Aberri Eguna «oso une berezian» datorrela uste du Udalbiltzak, eta Iruñean, Uztaritzen (Lapurdi), Donibane Garazin eta Maulen ospatuko du. Euskal Herria, nazioa. Euskal herritarren eskubideen aldeko konpromiso sendoa lelopean antolatu ditu ekitaldiak, eta Euskal Herriaren naziotasuna eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dituzte. Ipar Euskal Herriko ekitaldiak 12:00etan izango dira, herriko etxeen aitzinean, eta ekitaldi bateratuak izango dira. Beste hainbat udalerritan ere deitu ditu elkarretaratzeak, eguerdian, udaletxe aurrean. Ekitaldi nazionala Iruñean izango da. Anaitasuna pabiloian, 18:15ean. Euskal Herrian konponbide prozesu bat abiatzeko baldintza sortzen ari direla uste du Udalbiltzak, eta Aberri Eguna prozesu horri bultzada emateko baliatu nahi du.

- Udalbide: Argantzungo (Trebiñu) herriko plazan ospatuko du Aberri Eguna Udalbidek, Aberria Eraikitzen lelopean. 11:00etan aurreskua dantzatuko dute, eta ondoren Argantzungo alkateak agurra egingo du. Udalbidek bi konpromiso hartuko ditu: Bata, Euskal Herriko gatazka behin betiko konpontzeko irtenbide hitzartuak lortzekoa; eta bestea, nazio errealitatea sendotzeko eta pertsona eta lurraldeen arteko loturak indartzekoa.

-ELA:Ekitaldi politikorik egingo ez duen arren, Aberri Egunaren inguruan duen iritzia plazaratu zuen ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietak, Nazio Batzordearen izenean. Esan zuenez, oraingoa burujabetzarako aukera berriak jorratzeko unea da, eta herri galdeketaren alde lan egingo dute. «Eztabaida estrategikoa kontsultaren inguruan egin beharra dago». Hori lortu ahal izateko, burujabetzaren aldeko eragileek indarrak batu beharko lituzketela uste du Elorrietak.



-LAB: LABek ere ez ekitaldirik antolatuko, eta Udalbiltzaren deialdiekin bat egin du. Bakearen, demokraziaren eta euskal naziotasunaren aldeko konpromisoa berretsiko ditu sindikatu abertzaleak Aberri Egunean. Aberri Egunean izango duen mezu nagusia euskal herritarren erabakiaren errespetuan kokatuko da. Normalizazio politikoa Euskal Herriaren onarpen eta errespetuan eta bere herritarren borondatearen errespetuan kokatu behar dela uste du. Bide horretan indar abertzaleek «prozesu soberanista abian jarri» behar dutela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.