Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearen azken urteetako bizipenetan oinarritutako lana da Angel Amigo zinema zuzendariaren azken filma. 2000. urtean Elgoibarko Txilarre baserrian Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearekin biltzen hasi zenetik, elkarrizketa ugari izan du Egigurenek Batasuneko nahiz ETAko ordezkariekin, gerora, 2006ko martxoko ETAren su-etenari bide eman ziotenak. Bide horretan bizi izandakoak kontatzen ditu orain Egigurenek Memorias de un cosnpirador (Konspiratzaile baten memoriak) filmean.
Hala ere, Amigok zehaztu duenez, dokumentala ez da hainbeste bake prozesuaren metodologia eta gako politikoei buruzkoa, nahiz eta horiek ere agertu. Batez ere, PSE-EEko buruzagiaren “emozio kontakizun bat da".
Izenak dioen bezala, konspiratzailetzat du bere burua Egigurenek, bitartekari edo negoziatzailetzat baino gehiago. “Banekien gauza hauetan sartzen denak gaizki bukatzen duela”, aitortzen du dokumentalaren hasieran. 2006ko prozesua bertan behera geratu zen arren, ETAren jardun armatuaren amaieran erabakigarria izan zela dio. Orain, politika uzteko asmoa agertu duen honetan, “Itakara” itzultzeko gogoa du; hau da, bere etxera, Aizarnara, “pertsona normal” bat izan eta gaztetako zaletasunak berreskuratzera: “Ondo egindako lanaren sentsazioa dut, baina baita tristura handia ere. Uste dut askorentzat orain hasiko dela benetako gatazka”.
Gaur goizean izan da estreinaldiaren aurreko emanaldia, Donostiako Aquariumean. Donostiako Zinemaldian aurkezteko asmoa zuen Amigok, baina jaialdiko antolakuntzak ez zuen onartu. Erabakia “erabat” errespetatzen duela adierazi du zuzendariak, eta aurreratu du urriaren 15etik aurrera ikusi ahal izango dela zinema aretoetan.
Egiguren ez da izan aurkezpenean, gaixorik baitago
Gaur, ordea, protagonista ezin izan da bertan egon. Gaixorik da, eta haren emazte eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSE-EEren bozeramaile Rafaela Romerok ordezkatu du aurkezpenean. Egigurenen hutsuneagatik barkamenak eskatu ondoren, Otegirekin gogoratzen dela esan du Romerok, hura baita kontakizuneko bigarren protagonista nagusia, zeharka bada ere: “Espero dut oraindik indarrak geratuko zaizkiola espetxetik irteten denerako” —2009ko urritik daukate preso Otegi, Bateragune auziagatik—.