Espainiako Konstituzioa bere egiten ez duten diputatuen kopurua handitzen ari da Espainiako Kongresuan. «Legeak agintzen duelako» zin egiten dutenen kopurua gero eta handiagoa da. Amaiurreko sei diputatuek hala hartu zuten kargua, eta gauza bera egin zuten, haiek ez ezik, EAJko diputatuek eta Geroa Baiko Uxue Barkosek ere. ERCko diputatuek eta IUko hainbatek ere gauza bera egin zuten. IUko batzuek beste formula bat erabili zuten: «legeak agintzen duelako eta nire errepublikano izaerari uko egin gabe». Gaztelaniaz ez ezik, euskaraz ere egin zuten Amaiurrekoek, eta katalan batzuek euren hizkuntzan eman zuten hitza.
Hiru bozketa egin ondoren izan zen hori. Eskaileretan gora eta behera ibili ziren diputatuak. Hiru bider egin zuten euren eserlekutik mahaira eta handik euren tokirako bidea. Modu desordenatuan egin zituzten ibilbide horiek, eta harremanak lantzeko baliatu zuten unea hautetsi askok eta askok.
Atzo osatu zen Espainiako Diputatuen Kongresua, eta bertako mahaia ere osatu zuten. Berriak ziren diputatu asko, eta toki hartan ohituak beste asko.
Erkoreka da ohituta dauden horietako bat, eta nabaritzen zaio. Etxean bezala ibili zen, eta aurretik pasatzen zitzaion guztiari ematen zion eskua, bateko zein besteko. Solasaldi atseginak izan zituen guztiekin. Uxue Barkos ere eroso ikusten zen, eta nabarmena zen aurreko legegintzaldian talde guztietako diputatuen begirunea irabazi zuela.
Amaiurrekoak dira berrienak han, baina lasai ibili ziren. Xabier Mikel Errekondok, esate baterako, berriketan jardun zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarekin. Botoa ematera altxatu zen hiru aldietan, haren albotik pasatu zen eserlekura bidean. Bigarrengo aldiz pasatu zenean eskua eman zion, eta hizketan ere aritu zen,giro jatorrean itxura batean. Gero, Alfredo Perez Rubalcabari,bere atzean zegoela, kolpetxoa eman zion bizkarrean.
Mariano Raxoi PPko buru eta Espainiako hurrengo presidentearen albotik ez ziren pasatu Amaiurrekoak, baina alderdi horretako kideekin harremanak izateko arazorik ez dutela esateaz gain, erakutsi ere egin zuen. Esate baterako, Iker Urbinak saioa amaitu zenean Leopoldo Barredari eskua eman zion Kongresuko korridoreetan.
Hemizikloan bazter-bazterrean egin zuten tokia Amaiurreko sei legebiltzarkideek, azken ilaran. ERCkoen ondoan eseri ziren, haiei UPDk kendu baitzien ohikoa duten kokalekua. Gainerako taldeak ohikoa duten tokietan eseri ziren. Hemizikloaren ezkerreko aldean PSOEkoak, eskuinean PPkoak, eta erdian talde txikiagoetakoak. PSOEren aldean toki huts batzuk geratu ziren, eta han eseri ziren Amaiurrekoak, Odon Elorza aurrean zutela. PPren aldean, berriz, zutik egon ziren hainbat diputatu, ez baitziren sartzen aurreko legegintzaldiko eserlekuetan.
Konstituzio «behartua»
«Legeak agintzen duelako» formula gero eta diputatu gehiagok darabilte zin egite ekitaldian. Atzo, euskaraz eta katalanez ere mintzatu ziren batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu