Lurralde Politikarako ministroak nabarmendu du Pedro Sanchezen gobernu berria (PSOE) “prestatuta” dagoela Konstituzioa aldatzeko, Espainiako Estatuak duen “lurraldetasun krisia” konpontzeko, baina ohartarazi du horretarako “gobernuen arteko konfiantza eta leialtasuna” beharrezkoak direla.
“Duela bost urtetatik hona, benetako elkarrizketa eta politika instituzionalik gabe gaude, eta egoera hori gainditu beharra dauka Espainiak” esan du Batetek, Kataluniako egoerari aipamen zuzena eginez: “Herritarren eskariak ezin dira Legea eta Konstituzioaren aplikazioarekin agortu, horiek ezinbestekoak diren arren”.
Bartzelonan esan ditu hitzok ministro berriak, Espainiako Konstituzioari buruz PSCren egoitzan eginiko jardunaldi batzuetan.
Kazetariek galdetu diote Sanchezen gobernua Kataluniaren kasuan noraino hel daitekeen, eta hark erantzun du Sanchezen gobernua prest dagoela aztertzeko Carles Puigdemont presidente zenean Generalitateak aurkeztutako 45 eskariak eta Konstituzioaren kontrakotzat jo diren Kataluniako legeak.
Senchezen deia Urkulluri
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak, berriz, jakinarazi du Sanchezek dei egin diola Iñigo Urkullu lehendakariari, eta bilera baterako datarik jarri ez duten arren, «jarrera baikorra eta akordiotara heltzeko borondatea» agertu duela.