Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legearen kontra hartutako ebazpenarekin «haserre» agertu dira Euskararen, Bretoieraren, Katalanaren eta Okzitanieraren Erakunde Publikoetako presidenteak, eta, Emmanuel Macroni zuzendutako gutun ireki batean, Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko urgentziazko lege-proiektu konstituzional bat eskatu diote Errepublikako Presidenteari. Macronek atzo hizkuntza gutxituen alde Facebooken argitaratutako mezuari erantzunez, lau erakundeek adierazi dute «ezinezkoa» zaiela «intentzio adierazpen soil batekin» konformatzea, eta murgiltze ereduan oinarrituriko irakaskuntza babesteko neurriak eskatu dizkiote.
Hain zuzen, gutunean ohartarazi dute irakaskuntza eredua desagertzea «aitzinkaririk gabeko hondamendi» bat izango litzatekeela, jokoan dagoena «eskualdeetako hizkuntzen biziraupena eta garapena» dela azpimarratuz: «Ez dezakegu onar gure hizkuntzei beren garapenerako hain garrantzitsua zaien halako baldintza debekatzea, gibel egitera kondenatzea bailitzateke. [...] Gibel egitea gure hizkuntzak kondenatzea da».
Konstituzio Kontseiluaren ebazpena Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluan oinarritu zen hizkuntza gutxituen aldeko legea partzialki atzera bota eta murgiltze eredua kolokan jartzeko, baina hizkuntza gutxituen aldeko erakundeek Macroni gogorarazi diote artikulu hori «frantsesa ingelesetik babesteko» idatzi zela: «Alta, Konstituzio Kontseiluan eman ebazpenetik landa, egoera zibilean William edo Steve izenak idazten jarraitzen ahalko dugu, baina Beñat edo Fañch, Ròsa edo Martí, ez».
Murgiltze ereduko irakaskuntzak frantsesa eta tokiko hizkuntza transmititzeko eta eleaniztasunerako gai diren hiztunak ekoizteko eraginkortasuna frogatu duela ere nabarmendu dute gutunaren sinatzaileek, eta uste dute Konstituzio Kontseiluaren erabakiak «lorpen» hori deuseztatuko lukeela. Halaber, azpimarratu dute murgiltze ereduko ikasleek baxoan eskuratzen dituzten emaitzak «kasik beti %100ekoak» direla, eskolatze osoa tokiko hizkuntzan murgildurik egin ostean azterketak frantsesez egitera «behartuak» diren arren.