euskal presoak

Konstituzionalak argudiatu du ezin dela 'Parot doktrina' ezarri presoak "behin betiko zigorra" bete ostean

Horrek erresoluzio judizialen ukiezintasun eskubidea urratzen duela salatu Jose Mari Perez 'Txuri' Zarauzko euskal presoa kaleratzeko epaian.

2012ko apirilaren 10a
16:10
Entzun

Espainiako Epaitegi Konstituzionalak gaur eman du Jose Mari Perez Txuri Zarauzko euskal presoa aske uzteko erabakiaren epaia, eta argudiatu du behin betiko epaia bete ondoren ezarri ziotela 197/2006 doktrina eta horrek erresoluzio judizialen ukiezintasun eskubidea urratzen duela.

Luis Ortega izan da txostengilea, eta esan du zigorra bete ostean hori luzatu ahal izango balitz, babes judizialik ez litzatekeela egongo. Konstituzionalak gaineratu du Txuriren kasuan behin betikoa zen erresoluzioa "aldatu" zutela.

Hartutako erabakiaren lehen epaia

197/2006 doktrinaren aurka Konstituzionalean helegitea aurkeztuta aske geratu den presoetako bat da Txuri, eta berea da epaitegiak atera duen lehen epaia. Bere kasuan azaldu du Auzitegi Nazionalak 2008ko azaroaren 19an ebatzi zuela zigorra urte horretako abenduaren 15ean betetzen zuela, eta ondoren ezarri ziotela Parot doktrina bezala ezaguna dena Burgosko espetxean aske utzi behar ote zuten galdetu zutenean.

Martxoaren 30ean geratu zen aske Txuri. Berarekin batera, helegitea onartuta utzi zituen kalean Konstituzionalak Jose Ignazio Gaztañaga eta Juan Mari Igarataundi presoak ere. Helegitea aurkeztu zuten 31 lagunetik 28ri, ordea, atzera bota zien eskaera. Erabaki horien epairik ez dute oraindik eman jakitera. Aurreko astean Bilbon hainbat abokatuk atzera botatako helegiteen gaineko erabakia salatu zuten.

Otsailean bihotzekoa jasan zuen Txurik, Burgosko espetxean (Espainia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.