Arnaldo Otegik, Miren Zabaletak, Arkaitz Rodriguezek, Sonia Jacintok eta Rafa Diezek preso jarraituko dute. Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri zien sei urteko edo sei urte eta erdiko kartzela zigorrak osorik bete beharko dituzte. Zigortuek Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu zuten babes helegitea atzera bota du Konstituzionalak, eta horixe da Espainiako auzitegiek helegiteak aurkezteko eskaintzen duten azken aukera. Estrasburgora joko duela iragarri du defentsak, baina Europako auzitegiak urteak behar izaten ditu erabakiak hartzeko. Epaia iristerako kartzela zigorra osorik betea izango lukete.
Espetxe zigorrekin, inhabilitazioak ere indarrean dituzte bostek. Gorenak hamarna urteko inhabilitazioa ezarri zien Otegiri eta Diezi, eta zortzina urtekoa Rodriguezi, Jacintori eta Zabaletari. Hauteskundeetara aurkeztea eta lan edo kargu publikoa izatea debekatzen die inhabilitazioak.
«Indar politiko subiranistak batzeko estrategia» ETAren aginduz abiatzea egotzita dauzkate kartzelan bostak. Hain zuzen, egoera politikoa irauli zuen eztabaida eta estrategia aldaketa martxan jarri zutelakoan. ETAko kide izatea leporatuta dauzkate preso horregatik.
Epaileek, iritzi kontrajarriak
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Gorenaren erabakia, defentsaren eskaerak atzera botata. Baina ez du aho batez egin, eta zalantza ugari utzi ditu agerian: zazpi epailek eman dute presoek eskatutako babesa onartzearen aurkako botoa, eta bostek aldekoa. Zigortuek arrazoi zutela uste duten epaileek, gainera, boto partikularrak egin dituzte bere desadostasuna publikoki agertu eta arrazoitzeko.
Konstituzionaleko gehienek esan dute akusatuak zigortzean ez direla urratu ez inpartzialtasun judiziala ez errugabetasun presuntzioa. Angela Murillo epailearen partzialtasuna zen Otegiren defentsaren argudioetako bat. Politikariaren aurkako beste epaiketa batean aurreiritziekin aritu zen Murillo, eta auzitegiak epaimahaitik kendu zuen hargatik. Hortaz, Gorenean epaitu zuenean ere Otegiri buruz aurreiritzia izango zuela argudiatu zuen defentsak. Ezetz ebatzi dute Konstituzionaleko gehienek: Murillo beste auzi batean oker aritu bazen ere horrek ez duela esan nahi epaileak gero ere aurreiritziak izango zituenik.
ETA gaitzetsi ez izana ez dela inori ETAko kide izatea egozteko froga ere argudiatu zuten abokatuek helegitean. Konstituzionaleko zazpi epailek, ordea, hori ez dela froga bakarra erantzun dute defentsaren argudioak atzera botatzeko.
Bost epaile, ordea, ez daude ados arrazonamendu horiekin. Juan Antonio Xiol ponenteak idatzi eta Encarnacion Roca, Fernando Valdes Dal-Re eta Luis Ignacio Ortega epaileek ere sinatu duten boto partikularrean adierazi dutenez, defentsak arrazoi du arrazonamendu batean: zigortuei inpartzialitate judiziala urratu zaiela uste dute.
Haratago joan da Adela Asua epaimahaiko presidenteordea. Akusatuei errugabetasun presuntzioa ere urratu zaiela ohartarazi du bere boto partikularrean: «Erakunde terroristako kide gisa zigortzeko beharrezko dira zalantzarik gabeko frogak eta defentsek inpugnatu dituzten ebazpenek ez dute halakorik eskaintzen».
Edozein modutan, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren eduki zehatzak eta bi boto partikularrenak ez dira oraindik ezagutzen. Auzitegiak erabakiaren berri ohar bidez eman zuen atzo iluntzean, eta datozen egunetan kaleratuko ditu arrazonamenduak.
Rafa Diezi buruzko epaia ere ez da espresuki kaleratu. Gaixo zuen ama zaintzeko espetxetik kanpo denboraldi bat egin zuen Diezek, eta zigorraren zati txikiagoa bete du, beraz. Hori dela eta, beranduago kaleratuko dute berari dagokion epaia. Hala ere, helegiteen argudioak berberak izanik, erabakia ere berbera izango dela ez da zalantzan jartzen.
Narvaez onartu dute
Atzo arratsaldean aritu zen auziari buruz deliberatzen Auzitegi Konstituzionala, eta iluntzean plazaratu zuen erabakia. Horretarako, ordea, beste erabaki bat hartu beharra zuten aurrez: Antonio Narvaez epaile berriaren aurka defentsak aurkeztutako errekusazioari buruz ebatzi behar zuen. Goizean argitu zuen jarrera: errekusazioa baztertu eta Narvaez epaimahaian onartzea erabaki zuen, aho batez.
Auzitegi Konstituzionalera joan aurretik, Auzitegi Goreneko fiskal gisa aritu da Narvaez. Bera izan zen, hain zuzen, Sorturi alderdi politiko gisa izen ematea debekatzeko eskatu zuena. Eskaera hori argudiatzeko txostenean Bateragune aipatu zuen behin baino gehiagotan, eta Otegi bera ere bai. Ez zela ez Otegi ez Bateraguneko gainerakoak epaitzeko inpartziala argudiatu zuen defentsak, baina epaimahaiak atzera bota du eskaera.