Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Auzitegi Nazionalera bideratu du Iñaki Fernandez de Larrinoa Perez de Luko preso gasteiztarrak aurkeztutako helegitea. 2008an helegitea aurkeztu zuen Fernandez de Larrinoak Auzitegi Konstituzionalean 197/2006 doktrinaren aurka, eta aurtengo urriaren 21ean baliorik gabe utzi zuen doktrina hori Estrasburgoko auzitegiak.
Estrasburgoren erabakiaren ondotik, aske uzteko eskatu zuen Fernandez de Larrinoak Auzitegi Nazionalean. Zigorra ezarri zuen auzitegiari dagokio Estrasburgoren epaia ezartzea; beraz, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak Konstituzionalari adierazi zion bere gain hartzen zuela Fernandez de Larrinoaren askatasun eskea.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrinaren kontra epaia eman zuenetik doktrina horri buruz Auzitegi Konstituzionalak harturiko aurreneko erabakia da, eta espero da kasu horrekin markatuko duela irizpidea mahai gainean dituen 30 helegite ingururen erabakia hartzeko.