politika

Konstituzionalak aztertu gabe utzi du Sorturen helegitea

Espero zen herenegun aztertuko zuela Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu alderdi gisa inskribatzeko emandako debekuaren aurka alderdiak aurkeztutako babes helegitea, baina ez zen hala izan, eta atzo eta gaur ere ez du gaia landu. Konstituzionalak ekainaren 5etik 7ra izango du hurrengo plenoa.

2012ko maiatzaren 24a
15:53
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gaur zuen azken aukera Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu alderdi bezala inskribatzeko emandako debekuaren aurka defentsaren babes helegitea aste honetan aztertzeko baina, epaitegiko iturriek jakinarazi dutenez, ez dio gaiari heldu. Konstituzionalak ekainaren 5etik 7ra egingo du datorren plenoa, baina oraindik ez dago argi horretan helegitea aztertuko duen edo ez.

Herenegun espero zen Konstituzionalak helegitea aztertzea, baina ez zen hala izan, eta atzoko bilkuran ere ez zion gaiari eutsi. Auzitegiak aste honetarako dituen eginbeharren gai zerrendan jasoa du Sortu ezker abertzaleko alderdiaren helegitearen azterketa.

Elisa Perez Vera epaileari egokitu zitzaion alderdi berriari buruzko epaiaren txostena egitea, eta idazki hori izango dute eztabaidarako oinarri Konstituzionaleko epaileek. Hain zuzen, Bilduk 2011ko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzearen alde bozkatu zuten epaileetako bat da Perez Vera.

Sortu alderdi politikoen erregistroan sartzearen aurkako erabakiari aurre egiteko babes helegitea Iñigo Iruin abokatuak aurkeztu zuen Konstituzionalean. Urtebete igaro da ordutik, eta auzitegia ez da oraindik gaia aztertzen hasi. Iruinek helegitean azaldu zuenez, Sorturi alderdi gisa eratzea debekatu izana Espainiako Konstituzioaren aurkakoa da. Elkartzeko eskubidea urratu dela dio; zehazki, Konstituzioak 6. artikuluan jasotzen duena: alderdi politiko bat sortzeko eskubidea. Gorenak "behin-behineko legez kanporatzea" egin zuela dio, eta horrek "estatu konstituzionala bera arriskuan jarri duela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.