AUTOGOBERNUA

Konstituzionalak baliogabetu egin du doako osasun arreta bermatzen duen Nafarroako legea

Nafarroako Gobernuak ziurtatu du migratzaileen osasun arreta bermatuko duela aurrerantzean ere, "beste laguntza batzuen bidez". EAEko legea ere atzera bota zuen Espainiak iaz.

Botikari bat, pentsiodun bati errezeta ematen, berrodainketa sistema Nafarroan ezarri zen egunean. VILLAR LOPEZ / EFE
Ion Orzaiz.
2018ko otsailaren 27a
19:19
Entzun

Nafarroako 8/2013 foru legea baliorik gabe utzi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Nafarroan bizi diren pertsona guztiei osasun arreta bermatzen dien legea da, baina, epaileen ustez, “ez da bateragarria” Espainiako araudiarekin.

Nafarroako Gobernuak lasaitasun mezua zabaldu du: "Paperik gabeko migratzaileen osasun arreta bermatzen segituko dugu aurrerantzean ere. Beste laguntza eredu bat aurreikusia zuen exekutiboak, Auzitegi Konstituzionalak 2013ko legea atzera bota zezakeela jakinda".

Auzitegi horretako lau magistratuk boto partikularra eman dute, ez baitatoz bat sententziaren oinarriekin eta epaiarekin berarekin; beste magistratu batek ere kontrako botoa eman du, Nafarroak osasun alorrean dituen eskuduntzak oinarritzat hartuta. Hala ere, sententzia aurrera atera da, aintzat hartu baitute Espainiako Gobernuak jarritako helegitea.

Epaimahaiak EAEko, Valentziako eta Extremadurako aurrekariak aipatu ditu Nafarroako legea bertan behera uzteko ebazpenean. “Osasun sistema nazionala [Espainiakoa] estatu osoan ezarria dago, eta osasun laguntzak erabiltzeko eskubideak estaldura subjektibo bera izan behar du”.

Hortaz, Konstituzionalaren irudiko, Espainiako legeak “bide oro ixten die arau autonomikoei, onuradun edo asegurudun kontzeptuetan oinarritzen ez den sistema bat garatzeko baldin bada”. Nafarroako foru legeak osasun unibertsala bermatzen die Nafarroan bizi diren guztiei, aintzat hartu gabe zenbat denbora daramaten lurraldean bizitzen: “Hori ez da Espainiako erregulazioarekin bateragarria”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.