EAE-ko hauteskundeak

Konstituzionalak baliogabetuz gero, Europako auzitegietara joko du AGk

Marije Rodriguez Lera AG Aukera Guztiak hautesle elkartearen Bizkaiko zerrendaburuak iragarri duenez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak beren baliogabetzea berresten badu Europako auzitegietara jotzeko asmoa dute. Era berean, baliogabetzeen aurka dauden alderdiei babesa eskatuko diete salaketa indartsua egiteko. Aldiz, Konstituzionalak parte hartzeko eskubidea aitortzen badie, bozetara aurkeztu eta Legebiltzarrean dagozkien aulkiak hartuko dituztela adierazi du; ez, ordea, beste alderdiek bezala jarduteko, baizik eta indar politiko guztiek ordezkaritza izan dezaten presionatzen jarraitzeko.

2005eko martxoaren 31
16:19
Entzun
ETB2ko 'El Punto' saioan egin ditu adierazpen horiek Rodriguez Lerak. AGri gizarteak egin dion harrerarekin gustura daudela esan du, baina, aldiz, kexatsuago agertu da alderdi politikoek eurekiko izan duten jarrearekin.

Bizkaiko zerrendaburuak esan du, Espainiako Alderdien Legearen eta baliogabetzeen aurka dauden alderdiek bazutela "babes aktiboagoa" eskaintzea. Izan ere, eurak ez direla alderdi politiko bat, eta, beraz, ez direla gainerakoentzako konkurrentzia azpimarratu du. Ildo horretatik AGk politikangintzan duen presentzia "behin-behinekoa" dela azpimarratu du, "egoera demokratikoagoa egin" eta indar politiko guztiek hauteskundeetan eta erakundeetan parte hartuko dutela bermatu arte.

Hain zuzen ere, Konstituzionalak baliogabetzea atzera botako balu hauteskundeetara aurkeztu eta Legebiltzarrean dagozkien aulkiak hartuko lituzteketela iragarri du. Ez, ordea, osterantzeko alderdiak bezala jarduteko, baizik eta indar guztiak ez daudela ordezkatuta gogorarazteko eta ordezkaritza hori bermatzea helburu hartuta. Beren zeregina helburu hori lortzeko "presioa egitea" izango dela adierazi du.

Joan den astelehenean Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak harrera egin ziela eta, gustura agertu da Rodriguez Lera. Keinu garrantzitsua izan zela iritzi dio, baina, hala ere, eurek "gehiago" nahiko zuketela aitortu du.

Konstituzionalaren erabakiaren inguruan "itxaropen txiki bat" badutela adierazi du, "baina oso txikia". Izan ere, arrazoi juridikoek barik politikoek aginduko dutela iruditzen zaio Bizkaiko zerrendaburuari.

AG baliogabetzeko erabili den prozeduraren inguruan, indarkeriaren salaketa dela-eta eurei "besteei baino gehiago" eskatzen dietela agertu du Rodriguez Lerak. Hots, eurek argi utzi dutela giza eskubide ororen urraketaren kontra daudela, baina ez zaiela zilegia iruditzen hori adierazteko formula zehatz bat erabiltzea exijitzea, hau da, ETAren gaitzespen esplizitoa. Bizkaiko zerrendaburuaren arabera, "adierazpen askatasunean oinarrituta" bakoitzak nahi duen formula erabiliz arbuiatzen du indarkeria, eta euren aukera lehen aipatutako hori da. Ildo horretatik, PSOEri zein PPri ez zaiela halako exijentziarik egiten nabarmendu du, eta Aralarren adibidea ere jarri du, haiek ere ez baitute ETAren gaitzespen esplizitorik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.