'Bateragune auzia'

Konstituzionalak 'Bateragune auzian' agertutako "zehaztasunik eza" salatu du Adela Asuak, auzitegiko presidenteordeak

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak oporrak hartu aurreko egunean jakinarazi du sententzia. Bertan, bi boto partikular jasotzen dira, Asuarena eta beste bost epailerena; azken horiek zalantzan jartzen dute Angela Murilloren inpartzialtasuna.

Adela Asua, Auzitegi Konstituzionaleko presidenteordea. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
2014ko abuztuaren 1a
15:09
Entzun

"Poliziaren txostenetatik hasita, badirudi kontakizunak helburu jakin bat izan duela: ontzat ematea ETA erakunde terroristak eta auzipetuek estrategia bateratua adostu zutela ezker abertzaleari protagonismo handiagoa emateko eta indar subiranistak indartzeko", dio Adela Asua Konstituzionaleko presidenteordeak Bateragune auzian emandako boto partikularrak. Bertan, epaileak zalantzan jarri du epaitegiak auzian agertutako "zorroztasuna".

Hain zuzen, atzo atera zuen argitara auzitegiak Arnaldo Otegi eta beste lau akusatuen aurkako sententzia. Bertan, ontzat eman du aurretik Espainiako Auzitegi Nazionalak eta gero Gorenak emandako ebazpena. Haren arabera, auzipetuek ETAren aginduetara egiten zuten lan, eta borroka armatua amaitzeko estrategia bat osatzea zen haien helburua.

Asuaren iritziz, ordea, auzipetuak "ETAk aukeratu eta zuzenduak" zirela ondorioztatzea ez da aurkakoa baino tesi sendoagoa. "Eta hori onartuko bagenu ere, ez dago froga baliagarririk esateko aukeraketa edo izendatze horrek delitu terrorista jakinak babesteko baldintzarik gabeko mendekotasuna zekarrela". Hala, Asuak ohartarazi du "erakunde terroristako kide izateak parte hartze aktiboa" dakarrela berekin.

Konstituzionaleko presidenteordearena ez da sententziak dakarren boto partikular bakarra. Besteak, bost epailek sinatzen dutenak, zalantzan jartzen du Angel Murillo epailearen inpartzialtasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.