Antonio Narvaez magistratua Bateragune auzitik kanpo utziko duen ala ez erabaki artean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak geratu egin du defentsaren babes helegiteari buruzko deliberoa. Auzitegiak gaur ekin dio Narvaezen kontrako errekurtsoa tramitatzeari. Joan den ostegunean hartu zuen Konstituzionaleko epaile kargua hark, auzitegiko presidente ohi Enrique Lopez ordezkatuz —Lopezek dimisioa eman zuen, alkohol proba batean positibo eman ondoren—.
Hain justu, Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguez auziko presoen abokatu Jone Goirizelaiak aurkeztu du epailearen aurkako eskaera. Argudiatu du Narvaezek "zuzenean edo zeharka" parte hartu duela auzian. Zehazki, azpimarratu du Auzitegi Goreneko fiskala zenean Sortu ezker abertzaleko alderdia legez kanpo uzteko eskatu zuela eta, horretarako, Bateragune auziarekin loturiko hainbat erreferentzia erabili zituela.
Gorenak Bateragune auzian emandako zigor epaiaren aurka defentsak aurkeztutako babes helegitea aztertzen ari da Konstituzionalaren Osoko Bilkura. Hainbatetan atzeratu du erabakia; azkena, joan den ekain bukaeran.
2009an izan zen operazioa. Auzian Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez daude preso.