OSASUNA

Konstituzionalak bertan behera utzi du etorkinen arretari buruzko Nafarroako dekretua

Etorkinek osasun zerbitzua izateko baldintzak zehaztu zituen Nafarroako Gobernuak, eta auzitara jo zuen Madrilek, hori legez kanpokoa delakoan. Hain zuzen ere, salatu dute Nafarroako erietxeetan etorkinei fakturak egiten jarraitzen dutela.

2013ko urtarrilaren 29a
14:13
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean bertan behera utzi du etorkinen osasun arretari buruz Nafarroako Gobernuak indarrean jarritako dekretua. Hainbat baldintza jarri zizkien gobernuak paperik gabeko etorkinei, erietxeetan zerbitzua jasotzeko: Nafarroan gutxienez urtebete ematea, baliabide ekonomikorik ez dutela frogatzea eta aurrekaririk ez izatea. Horiek betez gero, osasun arreta pagatzeko laguntza jaso dezakete, dekretuaren arabera. Espainiako Gobernuak uste du hori legearen aurkakoa dela, paperik gabeko etorkinak larrialdietan soilik arta ditzaketelako. Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du salaketa, eta, horrenbestez, etenda utzi du dekretua.

Madrilek salaketa jarri zuela jakinda, Nafarroako Gobernuak adierazi zuen espero zuela Konstituzionalak bertan behera ez uztea dekretua. Eusko Jaurlaritzaren kasua ekarri zuen gogora; kasu horretan, Jaurlaritzari eman zion arrazoi auzitegiak, esanez Osasun Sailaren eskumena dela zerbitzua nola eman.

Gaur bertan, osasun publikoaren aldeko taldeek salatu dute Nafarroako erietxeetan paperik gabeko etorkinei fakturak egiten segitzen dutela. Larrialdietan ere egiten dizkiete fakturak, talde horren arabera, nahiz eta Espainiako Gobernuaren legeak berak ere dioen pertsona guztiei eman behar zaiela zerbitzu larrialdietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.