Espainiako Gobernuak jarri zuen helegitea Konstituzionalean, Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak onartutakoaren kontra. 7/2011 Foru Legea bertan behera utzita, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin du Justiziako langileen estatutua legez arautzeko Nafarroaren eskumena.
Auzitegi Konstituzionalak ohar batean jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak Justiziako administrazioaren langileen estatutua erregulatzeko orduan Nafarroak beste autonomia erkidegoek baino eskumen zabalagoak dituela argudiatu zuten, langileen egoera legez arautzeko eskumena aldarrikatuta. Auzitegi Konstituzionalak, ordea, ebatzi du Justiziako langileen "estatutua eta erregimen juridikoa legez zehaztea estatuari" dagokiola.
Nafarroako foru erregimenaren bilakaera historikoa ere aztertu du Konstituzionalak. Adierazi duenez, "foru instituzioek ez dute historikoki Justizia administrazioari dagokionez eskumenik izan". Are gehiago, Nafarroak Justizian dituen eskumenak 1978ko Konstituzioak —eta hortik eratorritako autonomia erkidegoen estatuak— emandakoak direla zehaztu du Konstituzionalak, eta ez Nafarroako foru erregimen historikoak, "Errege Kontseiluak edo Gorte Nagusiak, adibidez", izandakoak.