Espainiako presidente Pedro Sanchezen keinua baino lehenago heldu da Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakia. Hiru urteren ostean, eskuin muturreko taldeen eta segurtasun indarrek eragindako indarkeriaren biktimen Nafarroako legearen aurka ebatzi dute epaitegiek, noiz eta EAEko biktimen legearen aurka PPren gobernuak jarritako errekurtsoa erretiratuko dutela iragarri eta egun gutxira.
Epaiaren arabera, Aitortza eta Erreparaziorako Batzordearen helburua litzateke delitu izan daitezkeen gertakariak zehaztu eta ikertzea, "botere judizialak dioenari entzungor eginez", eta hori "Konstituzioaren aurkakoa" dela ohartarazten du. Ordea, epaile guztiak ez datoz bat iritzi horrekin, eta horren froga dira lau boto partikularrak. Horiek nabarmentzen dute batzordearen azken xedea gehiegikerien biktimak identifikatzea dela, eta helburu horrekin ikertu asmo dituztela salaketak.
Hala auzitegiek arrazoi eman diote "justizia paralelo" baterako bideak egon zitekeela salatu zuen estatuko abokatuari. Epaitegiek ohartarazten dute ezin direla nahasi biktima laguntzeko ahaleginak eta auzitegienak diren eskumenak: "Aitortza eta erreparazioa eskaintzeko administrazioaren lanak eta delitu izan daitezkeen gertakariak ikertu eta epaitzeko lanak banatu egin behar dira".
Alderdiek gogor kritikatu dute Konstituzionalaren erabakia. "Zigorgabetasuna babestea" egotzi dio EH Bilduk auzitegiari eta erabaki politikotzat jo du ebazpena: "Esstatuaren biktimak izan ziren German Rodriguez, Gladys del Estal, Mikel Zabalza eta beste asko, baina ezkutatu egin nahi dituzte, ez baitatoz bat ezarri nahi diguten errelatoarekin".
Ezkerrak, berriz, salatu du biktimei egia eta erreparazioa ukatu dizkietela. "Orain arte terrorismoaren biktimentzako legeek bazterrean utzi dituzte beste hauek, eta gainera jassan zuten indarkeriaren erantzuleak zigorgabetasun osoa izan dute. Egoera hau ezin liteke onartu zuzenbide estatu batean".