Biktimak

Konstituzionalak ebatzi du polizia abusuen legeak ez duela eskumenik urratzen

Ciudadanosen helegitea atzera botata, Espainiako Konstituzio Auzitegiak ukatu egin du Eusko Legebiltzarrak onarturiko legeak epaileen eskuduntzetan sartzen dela.

Pili Zabala Polizia abusuen biktimen legearen eztabaida eta bozketan, Eusko Legebiltzarrean, iazko apirilaren 4an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Erredakzioa
2020ko uztailaren 21a
21:22
Entzun

Ciudadanos alderdiak bataila galdu du Eusko Legebiltzarrak 2016ko uztailean onartu zuen Poliziaren Indarkeriaren Biktimen Legearen kontra. Legearekin, onarpena eta erreparazioa eman nahi dizkiete arrazoi politikoengatik EAEn Espainiako Estatuko funtzionarioek eskuetatik giza eskubideak bortxaketak pairatu zituzten herritarrei, 1978tik 1999ra arte. Epaitegiak erabaki du legea ez dela epaileen eskuduntzetan sartzen.

Ciudadanos alderdiko 50 diputatuk helegitea jarri zioten iaz legeari, Espainiako Polizia eta Guardia Zibilaren «izena zikintzen» zuelakoan, eta haien «ekintzak zalantzan jartzen» dituelako. Argudiatu zutenez, legeak epaitegien eskumenetan sartzen zen, besteak beste, epaileek dagoeneko aztertutako auziak ikertzeko aukera ematen zuelako. Salatu zuten, hain zuzen, norbanakoak biktima gisatzat onartzeak errudunak ere egon zirela onartzea dakar, eta biktimei dedikaturiko batzorde batek halakorik egiteko eskumenik ez duela.

Gaur emaniko ebazpenean, Konstituzio Auzitegiak gogoratu du legeari helegitea jarri ziola Espainiako Gobernuak 2016. urtean, eta Espainiaren eta EAEren arteko bitako batzorde batek legearen alde batzuk aldatu zituela. Iazko apirilean Eusko Legebiltzarrean onarturiko azken testua negoziazio horren ondorioa da.

Epaitegiaren arabera, biktima batzordeak ez ditu gertaerak ikertzen, legeak espresuki galarazten diolako halakorik egitea. Gertaeratako asko preskribaturik daudenez, ezin dira dagoeneko auzitegietan ikertu. Batzordea ez duela gertaeren erantzulerik bilatuko nabarmendu du auzitegiak, eta erreparazioaren inguruan baino ez duela erabakiko.

Tentsio handiko saioan onartuta

Tentsio handiko saioan onartu zuten legea iazko apirilaren 4an, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. 1976 eta 1999 artean Poliziak eragindako biktimei aitortza emateko legea moldatzen zuen arauari buruzko behin betiko bozketa egin zuten, eta aurrera egin zuen, EAJren eta PSE-EEren botoei esker. Puntu gehienen aurrean abstenitu egin ziren EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, eta kontra bozkatu zuen PPk.

EH Bilduko parlamentari Julen Arzuagak hitza hartu zuenean, liskarrak piztu ziren. Arzuagak «erabateko arbuioa« agertu ziela Espainiako segurtasun indarrei, eta «lobby nazkagarria» egitea egotzi zien segurtasun indarren biktimek aitortzarik jaso ez zezaten. Arzuaga hizketan ari zen bitartean, PPko ordezkariak protesta egin zuten eta Parlamentutik atera ziren. Bitartean, gonbidatu gisa aretora joandako Espainiako segurtasun indarretako elkarteetako ordezkariak zutitu egin ziren eta Arzuagari bizkarra ematen jarri ziren, eta keinuak egin zituzten legebiltzarkidearen aurka.

Arzuagak mehatxuak eta irainak egitea leporatu zien Jusapol, Jucil eta Sipe polizia sindikatuetako kideei, baina Gasteizko 4. instrukzio epaitegiak absolbitu egin zituen gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.