Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du tramiterako onartu Ignacio Pujana Alberdik Parot doktrina ezarri diotelako jarritako helegitea. Espainiako Auzitegi Nazionalak luzatu zion zigorra doktrina aplikatuta, eta Pujanak zuzenean Konstituzionalean jarri zuen helegitea, Gorenean halakorik egin gabe. Auzitegi Konstituzionalak argudiatu du bide judiziala agortu gabe egin duela urrats hori presoak, eta, beraz, ez du haren helegitea tramiterako onartu. Hala, 2018an zehaztu dio espetxetik ateratzeko data.
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren kontra emandako epaiaren ondoren, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak doktrinaren inguruan hartzen duen aurreneko erabakia da hau. Nolanahi ere, Auzitegiak ez du argitu doktrina «irregularki» aplikatu den edo ez, ezta harekin presoaren eskubideak urratzen diren edo ez. Ez du tramiterako onartu, eta ez du gaiari buruzko deliberaziorik egin.
Fiskaltzak Pujanari arrazoirik ez emateko eskatu zion Auzitegiari, haren esanetan, Parot doktrina aplikatuta ez baitzaizkie presoei eskubideak urratzen.
Bestalde, Arrasaten manifestazioa egingo dute gaur, gaixotasun larria eduki arren preso dagoen Josu Uribetxeberria libre uzteko eskatuz. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Seberotik.
Etxerat-ek ostiralean jakinarazi zuen Uribetxeberria Leongo erietxera eraman zutela Mansillako Espetxetik. Egun batzuk ondoezik igaro ostean eraman zuten erietxera ostegunean, biriketako nodulu bat dela eta. Giltzurruneko minbizia du Uribetxeberriak, eta aske uzteko askotan eskatu duen arren, ez diote onartu.
2005eko apirilean topatu zioten tumore bat ezkerreko giltzurrunean, eta probak egin ostean minbizia diagnostikatu zioten. Giltzurrun hori kendu eginzioten. Bizi osorako tratamendua dauka orduz geroztik. JaikiHadi elkarteak dio espetxeak okerragotu egiten duela gaixoen egoera.
Konstituzionalak ez du onartu 'Parot doktrinaren' helegite bat
Ignacio Pujanaren helegitea ez du onartu, Gorenean helegiterik ez zuenez jarri ez duelako bidea agortu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu