Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak “positibotzat” jo du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko Etxebizitza Legeari buruz emandako ebazpena. “Legea aplikatu ahal izango dugu oinarrizko alderdi guztietan”, hausnartu du Arriolak, gaurko gobernu bileraren ostean egindako agerraldian. Espainiako Gobernuak salaketa jarri zuen Eusko Legebiltzarrak onartutako legearen kontra, eta Konstituzionalak aintzat hartu zuen 2016ko apirilean.
Ebazpenean ontzat jo dituzten puntuen artean dago, besteak beste, etxebizitzaren funtzio soziala zehazteko erkidegoen eskumena. Halaber, funtzio sozial hori betetzen ez duten etxebizitzak merkaturatzeko edo erabiltzeko neurriei ere oniritzia eman die Konstituzionalak. Hau da, administrazio publikoek aukera izango dute: hutsik dauden etxebizitzei kanon bat ezartzeko, jabeak behartzeko alokairuan ateratzera, eta, muturreko kasuetan, etxebizitza horiek desjabetzeko.
Arriolak nabarmendu du legeak neurri horiek ahalbidetzen baditu ere, “berme handia” ematen diela etxebizitzen jabeei. Gogora ekarri du etxebizitza bat hutsik dagoela ebazteko zenbait baldintza bete beharko direla: gutxienez bi urtez hutsik egon izana; hutsik egoteko arrazoirik ez egotea: lanagatik, ezbeharragatik...; eta bigarren etxebizitzak ez dira etxebizitza hustzat hartuko. Azkenik, auzitan dauden etxebizitzen jabeek aukera izango dute beren egoeraren berri emateko, administrazioek hutsik ote dagoen erabaki aurretik.
Bestalde, sailburuak gogora ekarri du etxebizitzen “beharra” duten egoeretan ezarri ahalko direla neurri horietako batzuk, alokairu behartuak edota desjabetzeak, kasurako. Horren harira, Arriolak argitu du behar handiena duten espazioak hiru hiriburuak direla. Halaber, horien artean ere aldeak daudela azaldu du. “Gasteizen alokairu beharra dago, baina ez Bilbon edo Donostian beste”.
Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du egin hutsik dauden etxebizitzen errolda. Sailburuak azaldu du Konstituzionalaren ebazpenaren zain zeudela, lanean hasteko. Edonola ere, azken hilabeteetan lanean egon direla nabarmendu du, eta iragarri du bihar informazioa emango duela hutsik dauden pisuen gainean.
Etxegabetzeetan, desjabetzerik ez
Konstituzionalak puntu garrantzitsu bat baliogabetu du: pertsona batzuk alokairua edo hipoteka ez ordaintzeagatik etxe batetik botatzen dituztenean, administrazioek ezin izango dute etxebizitza hori desjabetu, pertsona horiek bertan jarrai dezaten. Ordea, Arriolak aipatu du Eusko Jaurlaritzak neurriak prestatu dituela kasu horietarako: pertsona horiek babesgabetasun egoeran badaude, lehentasuna izango dute etxebizitza sozial bat lortzeko.