Auzitegi Konstituzionalak bi astean behin egiten ditu bilerak, eta BERRIAk jakin duenez, heldu den astekoan ere agendan sartu du ezker abertzalearen alderdi politikoak duela urtebete aurkeztu zuen babes helegitea. Agendan egoteak ez du esan nahi, ordea, epaileek gaia jorratuko dutela, joan den astean gertatu zen bezala, eta oraingoan ere gerta liteke, azkenean, Sorturi buruzko helegitea ebatzi gabe uztea.
Gaiak berak eragindako oihartzun mediatikoak eta epaileek berek zenbait kideren behin-behineko egoera konpontzeko bota zuten hordagoak eragina izan zuen azkenean Sorturen helegiteari buruzko ebazpena ez tratatzeko, Konstituzionaleko iturri batzuen arabera. Ezker abertzaleak alderdi legal bat edukitzea atzeratzeaz gain, atzerapenak erabakia alde batera edo bestera erortzea ere baldintzatu dezake.
Oraindik orain, zenbait iturriren arabera, epaileek Sorturen helegiteari babesa ematea defendatzen duen txostena dute esku artean, eta epaileen gehiengoa babesa ematearen alde legoke. Prozesua Konstituzionalean epaile berriak izendatu bitarte atzeratzen bada, ordea, egungo jarrera horren guztiz bestelakoa izan dezake gehiengo berri batek.