Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu ditu Bateragune auziko presoek euren zigorraren aurka ezarritako babes helegiteak. Iazko ekainean jarri zituzten helegiteak, Auzitegi Nazionalaren zigorraren aurka. Auzitegi Gorenak zigorra berretsi zuen.
Ezker abertzalea estrategia politiko-militarretik estrategia politikora pasatzea eragin zuen eztabaida sustatzeagatik sei urte eta erdiko zigorra jarri zien Espainiako Auzitegi Gorenak, ETAko kide izatea egotzita. Defentsaren ustez, baina, Tribunalak ez zuen azaldu ondorio horretara iristeko "arrazoibidea", eta "logikaren kontrako" ondorioak atera zituen epaia ematerako orduan.
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jazinto, eta Arkaitz Rodriguezen abokatuek lau motibo nagusi argudiatu zituzten babes helegitea jartzean: errugabetasun printzipioa urratzea, inpartzialtasunaren printzipioa urratzea, akusazio printzipioa urratzea eta justizia eraginkorrerako eskubidea urratzea.
Iñigo Iruin abokatuak iaz ekainean helegiteak aurkeztu ondoren esan zuenez, Gorenaren epaiak ez ditu betetzen Konstituzionalak behin eta berriro finkatutako baldintzak.
Epaiaren betearazpena, aztergai
Babes helegitearekin batera, defentsek Auzitegi Gorenaren epaiaren betearazpena bertan behera uzteko eskatu zuten. Auzia aztertzen den bitartean zigor epaia eteteko eskatu zuten, babesa emanez gero inputatuei egindako kaltea ezin izango litzatekeelako konpondu. Izan ere, bost inputatuak preso daude.
Epaiaren betearazpena bertan behera utziz gero, bost presoak aske geldituko lirateke. Helegiteak tramiterako onartuta, atal berezi bat irekiko du epaiaren beterazpena eteteko eskaera aztertzeko, eta aldeei jarrera agertu eta argudiatzeko aukera emango lieke. Auzitegiak ez du eperik askatasunari buruz erabakitzeko.