Nafarroako Parlamentuak hamasei legeren aurka helegiteak jarri zituen Espainiako Gobernuak iragan legealdian, eta Auzitegi Konstituzionalak helegite horietako bat, Foru Polizien aurkako, tramitera onartu du. Foru lege horretan baliogabetzat jotako artikuluak bost hilabetez etetea erabaki du Konstituzionalak.
Konstituzionalak erabakiaren berri eman die Espainiako Gorteei eta Nafarroako Parlamentuari zein Gobernuari. Hamabost egun dituzte auzian aurkeztu eta alegazioak proposatzeko.
Polizien Foru Legea iragan legealdiaren hondarrean onartu zen, polemika handiarekin. PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak alde bozkatu zuten, eta UPN zein PP hasieratik aurkakotasuna handia azaldu zuten. Foruzaingoaren orduko buruzagiek ere kritika ugari egin zizkioten, eta sindikatuek UPNren gobernuaren jarrera gaitzetsi zuten.
Lege horrek Foruzaingoaren zein udaltzainen baldintzak arautzen ditu. Espainiako Ministroen Kontseiluak abenduaren 4an hitzartu zuen foru lege horren aurkako helegitea jartzea. Espainiako Gobernuaren arabera, polizien arteko harremanetan legeak behartzen die udaltzainei informazio guztia Foruzaingoari ematea eta horrekin udaltzainei Estatuko segurtasun indarrekin zuzenean erlazionatzeko aukera ukatzen dela deritzo.
Era berean, Espainiako Gobernuaren ustez, barne sustapenerako baldintzek urratzen dute estatuak dituen eskumena funtzionario publikoei estatutu erregimenaren oinarriak ezartzeko. Diziplina arloan ezarritako baldintzek ere estatuko segurtasun indarren legea urratzen duela deritzo.