Konstituzionalaren erreforma, onartuta

2015eko urriaren 15a
15:40
Entzun

Bide azkarretik egin nahi zuen PPk Espainiako Konstituzionalaren erreforma, eta irail hasieran aurkeztutako proposamenak behar zuen azken onarpena jaso du gaur, Senatuaren galbahea igarota. Auzitegi Konstituzionalari zigortzeko gaitasuna ematen dio erreformak, eta propio Kataluniako egoera politikoari erantzuteko asmoz sustatu du PPk.

PPren eta UPNren babesa izan du erreformak, eta oposizioko gainerako indar politiko ia guztiek egin dute aurka —Ciudadanos abstenitu egin da—. Oposizioaren iritziz, hauteskundeei begira eginiko mugimendua da eta gatazka politiko bat epaitegien esku uzten du.

Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak Kataluniako Justizia Auzitegian deklaratu duen egun berean onartu dute lege erreforma Espainiako Gorteek. Masek adierazi du, epaitegiek haren kargugabetzea ebatziko balute, "egoeraren arabera" erabakiko luketeela ebazpen hori bete edo ez.

Senatuan zuzenketarik aurkeztu ez dutenez, lege egitasmoa ez dute kongresura itzuli beharrik, eta behin betiko onarpena jaso du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.