Amaiur koalizioak gaur joko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera, babes helegitea aurkezteko, talde horretako iturriek atzo jakinarazi zutenez. Espainiako Kongresuko Mahaiak koalizioari talde parlamentarioa osatzea ukatzeagatik aurkeztuko du babes helegitea.
Azaroaren 20ko bozen ostean, Espainiako Kongresuak abenduaren 15 eta 19 bitartean egin zuen lehenbiziko osoko bilkuran erabaki zuen Mahaiak Amaiurri talde parlamentarioa osatzen ez uztea.
PPk gehiengoa baliatuta alde bakarretik hartutako erabakia izan zen. Bozeramaileen batzordearen iritziak entzun zituzten Mahaiko kideek erabakia hartu aurretik, baina alderdien gehiengoaren iritziaren kontra, taldea ukatu zion koalizioari. Mahaian dauden PSOEko eta CiUko diputatuak abstenitu egin ziren.
PPk hasieratik esan zuen ez zuela onartuko Amaiurrek talde propioa izan zezan, eta Mahaian duen gehiengoa baliatu zuen. Koalizioak babes helegitean nabarmenduko du Kongresuko Mahaiak inolako argudiorik eman gabe aldatu zuela ordu arte legegintzaldi guztietan aurrera eramandako praktika, alegia, zalantzen aurrean beti talde parlamentarioa osatzearen aldeko irizpidea erabiltzea. Irizpide hori batere justifikatu gabe ez errespetatu izana salatuko du Amaiurrek.
Konstituzionalak ez du eperik erabakia hartzeko.
Konstituzionalean helegitea jarriko du gaur Amaiurrek
Koalizioak dio Kongresuaren orain arteko irizpideen aurkako erabakia dela taldea osatzea ukatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu