Kontrabandoko tabakoa ekoizten zuen sare bat desegin dute Hegoaldean

Hamasei lagun atxilotu dituzte. Aldatzen zuten fabriketako bat, eta han zazpi ukrainarrek egiten zuten lan, «ia esklabotza egoeran»

Operazioko arduradunak Aldatzen (Nafarroa), zigarro paketeekin. BERRIA.
Paulo Ostolaza.
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Europan atzeman den kontrabandoko tabakoaren sarerik handiena» desegin dute Hego Euskal Herrian; zigarroak ekoizten eta saltzen zituzten. Guardia Zibilak eta Espainiako Zerga Administrazioko Estatu Agentziak gidatutako operazioan hamasei lagun atxilotu zituzten atzo.

Ez hori bakarrik: bost miaketa egin dituzte ezkutuko eraikinetan, guztiak Hegoaldean, eta denera 4,5 milioi zigarro pakete eta 31 tona tabako orri konfiskatu dituzte, baita zigarroak eta paketeak ekoizteko makinak ere. Ia 80 milioi euroko irabaziak lortu ditu sareak. Aurrez, operazioan, kamioilari bat ere atxilotu zuen Guardia Zibilak: 7,2 tona tabako zeramatzan, jada saltzeko prest.

Eman dituzten datuen arabera, atxilotuetatik seik Espainiako nazionalitatea dute, zazpik Ukrainakoa, eta hiruk Bulgariakoa. Aldatzen (Larraun, Nafarroa) atxilotu dituzte hamar, Iruñean bi, Urnietan (Gipuzkoa) beste bi eta Europako Batasuneko beste herrialde batean azken biak.

Fabrika, ezkutuan

Besteak beste, zigarroak ekoizten ziren fabrika bat topatu dute Aldatzen, herrigunetik 500 metro eskasera: etxalde batean kamuflatuta zegoen, eta han zazpi lagun ukrainarrek egiten zuten lan. Poliziak azaldu duenez, «ia esklabotza egoeran» zeuden: pabiloian bizi ziren, eta hamar eta hamabi ordu arteko lan jardunaldiak egiten zituzten. Ez ziren pabiloitik sekula irteten, eta beste pertsona batek egiten zizkien erosketak. Gainera, lanean oinarrizko segurtasun neurririk gabe jarduten zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.