Kalea bor-bor zela abiatu da manifestazioa 18:00etan. Buruan, gaztetxeko pankarta eusten zutenekin batera zegoen Josefina Lamberto ere, Maravillas Lanberto zenaren ahizpa. Hala esan du: "Nola ez naiz ba etorriko? Asko maite ditut nire gazte hauek. Gogotsu nago eta nire esku dagoen guzia eginen dut haien alde". Manifestazioaren amaieran, eskerrak eman dizkiote Lanbertori, eta erakutsi duen kuraia nabarmendu dute: "Eredu zaitugu".
Hura ez ezik, Alde Zaharreko erraldoiak ere batu zaizkio manifestazioari, besteak beste. Eta guztien aurretik, joaldunak. "Maravillas aurrera" oihuka abiatu dira, eta "borroka da bide bakarra" eta "okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia" leloak ere entzuten dira.
Manifestazio jendetsua izan da. Multzo luzea osatu dute elkartu direnek, eta manifestazioaren bukaeran, Gaztelu Plazaren erdia bete dute. Han nabarmendu dute autogestioa oinarri duen espazio eta proiektuekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela. Ezinbesteko jotzen dituzte "kontrabotererako espazioak", eta horretarako lanean jarraitzeko asmoa dutela ohartarazi dute: "Ez gaituzte geldituko".
Han izan da Ion Orzaiz kazetaria, manifestazioaren zuzeneko kontakizuna egiten: