"Babesa eta elkartasuna" azaldu dizkiete Lezotako eta Anoetako udalei Uemako lehendakari Maren Belastegi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari Zigor Etxeburuak. Urtarrilean jakinarazi zuten Gipuzkoako 39 herri erakundek kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezarriko zituztela, euskara sustatu asmoz. Apirilean, ordea, dinamika horretako bi udali helegitea ezarri zien Espainiako Estatuko abokatuak.
Etxeburuak pentsatzen du "erasoa" erabat politikoa izan dela, eta haien ustez, horren guztiaren atzean dagoela EAEn Espainiako Gobernuko ordezkari Carlos Urkijo. "Guk dakigula ez da salaketarik egon, herritarrak ez dira kexatu", esan du. Hainbat enpresa haiekin harremanetan jarri dira kontratazioen baldintzen xehetasunak jakiteko, baina besterik ez.
Lezoko Udaleko zinegotzi Mikel Arrutik adierazi du udaleko osoko bilkuran onartu eta gutxira jaso zutela helegitea; eta legeak jasotzen duen zerbait izanik, "sorpresaz" jaso zutela. Eta aldundiak eta gainerako udalek emandako babesa eskertu du. Anoetako alkate Pello Estangak esan du herritarren %70 euskaraz bizi dela eta urteak daramatzatela udaletik euskara sustatzeko neurriak hartzen. Helegitea "kezkaz eta arduraz" jaso zutela nabarmendu du.
Hala ere, helegitea informazioa lortzeko soilik dela jakinik, aurreko asmoekin jarraituko dutela jakinarazi dute, hots, kontratazioetan euskara sustatzeko neurriak hartzeko asmoa dutela. Esan dute hasieratik aztertu dutela proiektua legearen barruan egotea, eta hortaz oso ziur dakitela arrazoi dutela, eta zilegi dela. Orain, helegitea dela-eta, herrietan hartutako erabaki horiek biltzen dituen dokumentua bidali beharko diote estatuari, eta nabarmendu dute, gainera, gaztelaniaz bidaltzeko exijitu diela. "Argi utzi nahi izan dute nork agintzen duen", esan du Etxeburuak.
"Kezka" sortzen die gainerako herriek ere helegite bera jasoko dutela pentsatzeak, estatuari "politikoki egoki datorkionean" egingo duela pentsatzen dute. Euskara "paperetan" hizkuntza ofiziala dela baina praktikan euskaraz bizitzea "oztopatzen" dutela salatu dute. Erabakia berretsi dute eta euskara "berreskuratu eta ziurtatzea" dela haien asmoa nabarmendu dute.
Euskal Herrian Euskaraz-ek jakinarazi du ostiralean, hilaren 17an, Espainiako Gobernuaren Arabako egoitzaren parean elkarretaratzea egingo dutela Euskaldunon aurkako erasorik ez! Euskarari lehentasuna lelopean, Espainiako Estatuaren jarrera salatzeko.