Hegazti gripea. Kontrolak eta arriskuak

Kontrol zorrotza Salburuako hezegunearen inguruan

Hiru kilometroko babes gunea eta hamar kilometroko zaintza gunea ezarri ditu Foru Aldundiak

GASTEIZ
2006ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herria mendebaldeko Europako korridore migratzaile nagusienetako baten erdian dago. Urtero, milioika hegazti igarotzen dira udaldian zein neguan. Gainera, Euskal Herriko hezeguneak oso babes gune garrantzitsuak dira Europako hotzaldietatik babesteko, eta iparraldeko Europako herrialdeetatik urtero ihes egiten duten milaka hegaztientzat.

Hori dela eta, hegazti gripeari aurre egiteko prebentzio neurriak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak 2005. urteko martxoan, Europan gaitzaren lehenbiziko kasuak agertu zirenean. Agindu horrekin batera, jarraipen bereziko guneak zehaztu zituen. Araban, Kanpetzu, Salburua, eta Santa Engraziako zein Zadorrako urtegiak ziren; Bizkaian Urdaibai; eta Gipuzkoan Txingudi.

Besteak beste, baserrietan atari zabalean hazitako hegaztiek instalazioen barruan jan eta edan behar zutela zehaztu zuten. Halaber, erroldatutako hegazti ustiategi guztietan eta baso hegaztien artean laginak hartzeko prozedura areagotu zuten. Gainera, hegaztiak azoketan eta merkatuetan erakustea debekatu zuten.

Nolanahi ere, azken neurri hori bertan behera utzi zuen Eusko Jaurlaritzak duela hiru aste onartutako agindu batean. Hegaztien migrazio aldia amaituta, «osasun arriskua oso baxua» zela adierazi zuen Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza Sailak, eta, gainera, hegazti gripearen arrastorik ez zela atzeman Euskal Autonomia Erkidegoan. Ordu arte, gainera, 2.312 hegaztiri H5 eta H7 birusen aurrean eginiko probak negatiboak zirela adierazi zuten.

BAT-BATEAN, GRIPEA. Salburuan, baina, ekainaren 30ean, hilik aurkitu zuten murgil handiak aurreikuspen horiek hankaz gora jarri zituen. Orain arte, Euskal Herrian, H5N1 birusak kutsatuta atzemandako hegazti bakarra izan arren, hegaztien gripearen infekzio gunea kontrolatzeko neurri guztiak bat-batean abiatu behar izan zituzten.

Hegazti gripearen kontrol lanean dabil azken egunotan buru-belarri Abeltzain albaitarien kooperatiba. Arabako ganaduaren osasunaren kontrolari ekiteko Arabako Foru Aldundiak kontratutako zerbitzua da Abeltzain, eta kooperatibako gerente Natividad Urartek azaldu duenez, erantzuna berehalakoa izan zen. «Araban hegazti gripea atzematea posible zen, hegaztien migrazio gunea da, eta, gainera, hezegune ugari daude. Beraz, ezarri beharreko neurriak zehaztuta genituen, eta berehala jarri ditugu martxan. Idatzitako gidoia abiatu dugu, naturaltasun osoz, eta arintasunez», azpimarratu du Urartek.

Une honetan, Arabako Foru Aldundiak hegazti gripeari buruzko ikerketa lanak egiteko 25 basozain eta 22 albaitari jarri ditu. Abeltzain kooperatibako hamar bat albaitarik parte hartzen dute talde horretan.

Urartek esan duenez, Abeltzain kooperatibako albaitariek lehentasunezkoa dute hegazti gripearen kontrola. «Ezarritako babes eta zaintza guneetan laginak jasotzen ari gara, baina Arabako beste edozein tokitik abisatuz gero, hara joaten gara. Ondoren, laginak laborategietara bideratzen ditugu, frogak egiteko».

ARABAKO FORU ALDUNDIA. Koordinazio eta zuzendaritza lana Arabako Foru Aldundiaren Abeltzaintza Sailak egiten du, eta horren esanetara dago Abeltzain. «Baserri batera joateko esaten baldin badigute, joaten gara, laginak hartzen ditugu, eta baserritarrari zehaztutako protokoloa azaltzen diogu», adierazi du Urartek. Horretaz gainera, azken egunotan, Arabako Miñoiak eta Ertzaintzak hamar kilometroko zaintza gunean ezarritako kontroletan parte hartzen dute albaitariek, hala behar izanez gero.

Gasteizko Salburuan hegazti gripeak jotako murgil handia atzematea harriduraz hartu zutela aitortu du Urartek. «Harrigarriena garaia izan da, normalagoa izango zen migrazio aldian atzematea, hots udaberrian edo udazkenean, hegazti gehiago mugitzen direlako, baina, hala ere, protokoloa behar bezala jasota zegoen, eta aldez aurretik zenbait neurri hartu ziren».

BABES ETA ZAINTZA GUNEAK. Behin gaitza atzemanda eta oso kutsakorra dela kontuan hartuta, birusa zabal ez dadin Salburuako hezegunearen inguruko herrietan adostutako protokoloa ezarri da: Gasteizko inguru batzuetan, Arkautin, Elorriagan, Arkaian eta Zurbanon, besteak beste. Hiru kilometroko babes gunea eta hamar kilometroko zaintza gunea ezarri dira, eta horietan hainbat debeku jarraitu beharko dira beharrezkoa den tartean. Gutxienez 21 egunez babes gunean, eta 30 egunez zaintza gunean.

Hegaztiak dituzten baserritarrek pairatu dituzte gehienbat hegazti gripearen ondorioak, kontrol zorrotzak ezarri baitira euren ikuiluetan. Hala, hiru kilometroko babes gunean ez dago hegazti ustiategirik, baina 25 baserritan oiloak eta oilaskoak dituzte autokontsumorako.

Baserri horietan biosegurtasun neurriak hartu behar izan dituzte. Batetik, baserritik sartzean eta irtetean desinfektatu behar dute, eta hegaztiak giltzapetu behar izan dituzte, beste hegazti batzuekin harreman zuzenik edo zeharkakorik izan ez dezaten.

Gainera, hegaztiak eta inkubatzeko arrautzak mugitzea debekatu zaie, hiltegira doazenak izan ezik. Horiek, baina, errepide jakin batzuetatik soilik garraiatu ahal dira. Era berean, hegaztien haragia eta eratorritako produktuak gunetik ateratzea debekatuta dago, baita tratamendurik gabeko ohantzea eta simaurra ere.

Hamar kilometroko zaintza gunean, berriz, baserritarrei ezarritako debekuak ez dira horren zorrotzak. Hala, hegaztiak kanpoan dituztenek ez dituzte giltzapetu behar izan. Nolanahi ere, etxeko hegaztiak zaintza gunetik ateratzea debekatu diete 15 egunez, eta gunearen barruan etxeko hegaztiak eta txitatzeko arrautzak lekuz aldatzeko kontrolak ezarri dira.

Baserritarrentzako neurriaz gainera, basa hegaztien jarraipen zorrotza ezarri dute, uretako hegaztien inguruan bereziki. Halaber, baso hegaztiak ehitzatzea debekatu dute. Azokan eta merkatuan hegaztiak erakustea eredebekatu dute.

############

GUSTAVO CILLA Donostia ospitaleko mikrobiologoa

«Ez dugu hegazti gripearen moduko gripearen birusik ikusi»



JAKES GOIKOETXEA

Donostia

Gustavo Cilla Donostia Ospitaleko eta Gripearen EAEko Zaintza Laborategiko mikrobiologoak hitzaldi argigarria eskaini zuen herenegun EHUren Udako Ikastaroetan: Hegazti gripea eta giza pandemia. Funtsik gabeko beldurra edo posible den errealitatea?. Bere esanetan, posible da hegazti gripearen H5N1 birusa pandemikoa bihurtzea.

Nola iristen da hegaztietan ohikoa den birus bat gizakiak ere kutsatzera?
Mikroorganismoek normalean espezie bakar bateko kideak kutsatzen dituzte, ez dute espezien arteko hesia gainditzen. Baina gripearen birusek erraztasuna dute espezien arteko hesia gainditzeko, eta batzuetan hesia gainditu eta beste espezie batzuetako kideetan sartzen dira. Egokitu egiten dira espezie horretako kideetara eta birus mota propioak sortzen dituzte. Gizakiontzat bereziki kezkagarriak dira txerrietara eta etxeko hegaztietara egokitzen diren birusak, horien bitartez errazago pasa baitaitezke gizakietara.

Nola kutsatu dira orain artean kutsatu diren gizakiak'
Birusaren kopuru handia arnastuta. Teorian kutsa daiteke kutsatutako elementu bat behatzekin ukitu eta gero behatza sudurrera edo ahora eramanez gero. Gerta daiteke, baina kutsatze gehienak birusa arnastuta gertatzen dira, normalean hegaztiekin kontaktu etengabea eta estua izateagatik. Kutsatu diren pertsona gehienak hegazti-hazleak izan dira.

Kutsatze gehienak Asian gertatu dira. Euskal Herrian ba al dago gizakiak kutsatzeko arriskurik?
Gaur egun hegazti gripeak arrisku gutxi du gizakien osasunarentzat, eta arrisku hori garapen bidean dauden herrialdeetara mugatuta dago. Bertan broteak gertatzen ari dira etxeko hegaztien artean eta pertsonek kontaktu estua dute hegaztiekin, etxean hazten baitituzte. Hemen, aldiz, ez. Zaila izango da hegazti gripe kasuak agertzea herrialde garatuetako gizakietan.

Hegazti gripea gizakientzat gaitz pandemikoa bihur al daiteke?
Arriskua badago, ez da mitoa. Gerta daiteke, baina ez dakigu gertatuko den. Hala ere, badaezpada prestatu egin behar dugu.

Ze falta du H5N1ek gizakientzat birus pandemiko bihurtzeko?
Birus batek lau ezaugarri eduki behar ditu pandemikoa izateko: gizakia kutsatzeko gai izan behar du; gaixotasuna sortzeko gai izan behar du; birusak berria izan behar du gizakiarentzat; eta gizakien artean, gizakitik gizakira, modu eraginkorrean zabaltzeko gai izan behar du. H5N1 birusak lehenengo hiru ezaugarriak baditu, baina zorionez laugarrena falta zaio.

Hala ere, oso arriskutsua da: gripearen birusetan ezagutzen ez genuen zabalkundea lortu du; espezien arteko hesia oso azkar pasatzen du; oso erasokorra da; hilkortasun tasa %50 baino handiagoa da; eta birus praktikoa da, erraz egokitzen da espezie berrietara. Birus berezia da, ez dugu horrelako gripearen birusik ikusi gripearen birusa aztertzen denetik, 1940tik gutxi gorabehera. Beraz, zientzialariak oso kezkatuta daude.

Oraindik ez da egokitu gizakietara, baina kutsatu dituen gizakien erdiak hil ditu.
Gaur egun dagoen birusa etxeko hegaztien birusa da, baldintza berezietan bakarrik pasa daiteke gizakietara. Oso zaila da birus hori gure zeluletara iristea, bainabirusaren dosi handi bat arnasten badugu, kutsa gaitezke. Kasu horietan normalean hilkorra da.

Nola lor dezake H5N1 birusak pertsonen artean kutsatzeko gaitasuna?
Mutazioak pilatuz edo beste birus batekin geneak trukatuta. Mutazioen bidez birusaren azaleko proteinak aldatu egiten dira eta gure zelulek duten sarraila irekitzeko gaitasuna lor dezake. Gaitasun hori lortuz gero, birus pandemikoa izango da, ez baitu hesirik izango gure zeluletara sartzeko. Mutazioak sarriago gertatzen dira naturan erreplikatzen ari den birusaren kopurua handiagoa bada. Hegazti gripearen epidemia zenbat eta handiagoa munduan, zenbat eta kasu gehiago gizakietan, errazagoa da mutazioak pilatzea, birusa gizakiei egokitzea.

H5N1 birusak beste birus batekin geneak trukatzeko animalia batek edo gizakiak bi birusek kutsatuta egon behar du: hegazti gripearenak eta beste birus batek. Bi birusek geneak trukatu eta birus berri bat sortuko lukete.

Ohiko gripea ez da arriskutsua herritar gehienentzat. Beraz, zergatik sor dezake hegazti gripeak, gripe batek finean, hondamendia?
Birusa berria da eta herritarrek ez daukate defentsarik birus horren aurka, aurretik ez dutelako birusarekin kontakturik izan. Ondorioz, birusa oso azkar zabalduko litzateke gizakien artean eta gizakiek ez lukete edukiko hesi immunologikorik aurre egiteko. Birus horrek oldarkortasun gutxiago izango luke hurrengo urteetan, urtetik urtera ia beti indarra galtzen joaten baitira.

Orain hegazti gripearen H5N1 birusa egin da ezaguna. H5N1i aurre eginda ere, beste hegazti gripe arriskutsu batzuk azal al daitezke?
Gizakiontzat hegazti gripearen arriskua ez da amaituko H5N1 birusarekin. Historiak erakutsi digu birus berriak sartu direla gizakietan eta badakigu hegazti gripearen H7 eta H9 birusek ere infekzioak sortuko dituztela gizakietan.

Ohiko gripearen kontrako txertoa eraginkorra izan al daiteke hegazti gripearen kontra?
Ez. Hala ere, ohiko gripearen kontrako txertoa eraginkorra izan daiteke H5N1 birusa gizakitik gizakira kutsatzeko arriskua dagoenean: ez du hegazti gripetik babesten, baina bi birusek aldi berean kutsatzea saihestuko luke. Pertsona batek bi birusak aldi berean baditu,bi birusek geneak trukatzea eta birus arriskutsua sortzea ahalbideratuko luke.

Oraingoz ez dago txertorik. Egongo al da?
Lan asko egiten ari da txertoetan. 30 prototipo baino gehiago ikertzen ari dira. Hala ere, birus honek arazo garrantzitsuak planteatu dizkio farmazia industriari. Oso erasokorra da eta txerto erabilgarriak egitea zailtzen du. Txertoak egiteko modu berriak bilatzera behartzen ari da. Beste arazo bat da munduan ez dagoela gaitasunik txerto ugari egiteko: gaur egun ohiko gripearen aurkako txertoaren 300 milioi dosi egin daitezke urtean, baina munduan askoz ere jende gehiago bizi da. Pandemia bat gertatuz gero, produkzioa handitu beharko litzateke.

Denbora behar dugu. Zenbat eta denbora gehiago, orduan eta aukera gehiago txerto egokia egiteko.

Hala ere, txertoa eraginkorra izateko gizakietan izango lukeen izaera jakin behar da, ezta?
Esperimentazio fasean gaude, H5N1en kontrako txertoa nola egin ikasteko. Gaur egun munduan dagoen H5N1aren kontrako txertoa egiten ari dira, baina birusa pandemikoa bihurtuz gero ez du balioko, birus pandemiko horrek gaur egun dagoenaren ezaugarri ezberdinak izango baititu.

############

Gaitza saihesteko, bisita gehiago egingo dituzte hezeguneetara



Datozen hamar edo hamabost egunetan bisita gehiago egingo dituzte Hego Euskal Herriko hezeguneetara hegazti gripea hobeto zaintzeko asmoz. Hamar edo hamabost eguneko epea erabaki dute, gaitzaren inkubatze epea aintzat hartuta. Erabakia Espainiako Albaitaritza Alerta Sistemen Batzordeak hartu zuen atzo. Erakunde horretan parte hartzen dute Espainiako Gobernuak, autonomia erkidegoetako ordezkariek eta zenbait ornitologok.

Batzordeak beste erabaki bat ere hartu du: irailaren 1etik aurrera hegaztiek itxituretan egon beharko dute eta segurtasun neurriak indarrean jarriko dira hezeguneen inguruan. Garai horretan hasiko dira hegaztiek iparraldetik hegoaldera egiten dituzten migrazio mugimendu handiak.

Carlos Escribano Espainiako Abeltzaintza zuzendari nagusiak esan zuenez, migrazio horiek hasi arte hegazti gripearen arriskua egonkorra da eta ibilbide laburreko hegaztiak dira arrisku nagusia. Ibilbide laburreko hegaztia da, esaterako, murgil handia, Salburuako hezegunean (Gasteiz) hegazti gripeak hilda agertu zen hegazti mota. Murgil handia Frantziatik iritsi zela uste dute.

############

«Aldez aurretik idatzitako gidoia martxan jarri dugu, naturaltasunez eta arintasunez»

«Harrigarriena garaia izan da, kutsatutako hegaztia migrazio aldian atzematea izango zen normalena»

natividad urarteabeltzain kooperatibako gerentea
############

«Gaur egun, hegazti gripeak arrisku gutxi du gizakien osasunarentzat, etxeko hegaztien birusa da»

############

«Hegazti gripea gaitz pandemiko bihur daiteke,ez da mitoa, baina ez dakigugertatuko den»

############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.