Gizartea

Kontrolatu dute Trebiñuko sutea, baina oraindik ez Itzagaondokoa

Arabako sutean lau hegazkin eta zazpi helikoptero erabili dituzte, eta Espainiako armadaren laguntza ere jaso dute. Hiru mila hektarea erre dira. Nafarroan haizea arazo handia sortzen ari da.

2009ko uztailaren 23a
18:18
Entzun
Zazpi sute sortu ziren atzo Nafarroan eta Araban, eta suhiltzaileek oraindik haietako bat kontrolatu gabe ditu: Itzagaondokoa (Nafarroa). Trebiñukoa (Araba), berriz, eguerdi aldera kontrolatu dute.

Hain zuzen, Trebiñuko sutean lau hegazkin eta zazpi helikoptero erabili dituzte Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Gaztela eta Leongo (Espainia) suhiltzaileek; Espainiako armadako 44 militar ere aritu dira beharrean. Krisi mahaia sortu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak, eta goizeko zazpietan egindako bileran egoera aztertu dute, neurri gehiago hartzeko. Raul Fernandez de Arroiabe Herrizaingo sailburuordeak esan du "elkarlana bikaina" izan dela.

Atzo gauean Bernedon Urarte eta Arluzea auzoetako 27 bizilagun etxetik atera zituzten, eta beste etxe batzuetan pasatu dute gaua.

Gaztela eta Leongo Gobernuak adierazi duenez, suteak hiru mila hektarea erre ditu dagoeneko.

Araban bertan atzo Arratzu-Ubarrundian Arroiaben piztutako sutea, aldiz, kontrolatua daukatela esan dute Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek.

Nafarroan Itzagaondoan atzo arratsaldean sortutako sua ere kontrolatu gabe dute, Nafarroako Gobernuaren arabera. Atzo arratsean Retako 60 biztanle herritik atera egin behar izan zituzten; gauez itzuli ziren etxera. Sutea Itzagaondoko Zuhatzura, Untzitibarko Altzorritzera eta Ibargoitiko Idotzinera zabaldu da. Nafarroako Gobernua helikopteroak ari da erabiltzen, eta Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak hegazkin bat ere jarri du itzaltze lanetarako. Orotara 50 suhiltzaile eta Espainiako armadako 76 kide ari dira beharrean. Iturri ofizialek diote haizea eragozpen handia sortzen ari dela.

Aldiz, atzo arratsaldean Larraiotzen (Nafarroa) sortutako sutea kontrolatua dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.