Atzo Gazolatzen (Nafarroa) ustez tximista batek pizturiko sutea kontrolpean hartu dutela adierazi du Nafarroako Suhiltzaile Zerbitzuak. Denera 18 hektarea erre ditu suak, gehiena pinudia. Goizaldeko 05:30ak aldera kontrolatu dute.
Edonola ere, ezbeharraren lekuan dago suhiltzaileen talde bat, txingarrak zaintzen, sua berriz zabal ez dadin. Izan ere, Nafarroako ingurune horretan datozen egunetan ere tenperatura maximoak 37ºC ingurura iristea espero da.
Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, airez behatu asmo dute ingurua, sua itzalitzat eman daitekeela ziurtatzeko.
Atzo zabaldu zutenaren arabera, ostiraleko azken orduetan Euskal Herria zeharkatu zuen ekaitzak eragin zuen sutea, Gazolatz herritik gertu dagoen basoan. Cordovilla, Tafalla eta Zangozako suhiltzaileak hura itzaltzeko lanetan aritu ziren, lurretik eta airetik.