Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak gaur azalduko ditu Espainiako Kongresuan alarma egoera ezartzearen arrazoiak. PPk aurreratu du Gaspar Zarrias Espainiako Lurralde Politikako estatu idazkariaren dimisioa eskatuko duela, kontrolatzaileen auzia kudeatzeko «gabezia nabarmena» eta «erakundeekiko begirune falta» agerian utzi dituela uste baitu.
Haizeagatik desbideratuak
Eusko Jaurlaritzak bi telefono zenbaki jarri ditu, kontrolatzaileen lanuzteen ondorioz kaltetu diren bidaiariei eta turismo arloko enpresei informazioa emateko. Bertan behera geratu diren hegaldiengatik eta atzerapenak izan dituztenengatik kalte-ordainak eskatzeko aholkuak emango dituzte. Industria Sailak bihartik aurrera informatuko ditu enpresak, 94-403 70 00 telefono zenbakian. Bidaiariek 900-600 500 telefono zenbakira eta www.kontsumo.net webgunera jo dezakete.
AENA Espainiako aireportuak kudeatzen dituen erakundeakatzo ezagutarazi zuenez, Espainiako aire trafikoan «normaltasuna» da nagusi, kontrolatzaile gehienak euren lanpostuetara itzuli baitira. Dena den, Loiuko aireportuan (Bizkaia) hiru hegaldi desbideratu behar izan zituzten haizegatik. Munichera, Madrilera eta Bartzelonara zihoazen. Europan ere arazoak izan ziren: Parisen (Frantzia), elurragatik; eta Vienan (Austria), lainoagatik.
Cristina Anton.Aireko kontrolatzailea
«Bidaiarientzat arriskutsua da ditugun lan karga eta ordutegiekin jarraitzea»
Ainara Arratibel. Donostia«Egin genuena ez zegoen aurrez pentsatuta. Jendeari barren-barrenetik atera zitzaion lana uztea, egoera jasanezina baitzen. Ditugun lan karga eta ordutegiekin jarraitzea arriskutsua da bidaiarientzat». Mallorcako (Balearrak, Herrialde Katalanak) Son Sant Joan aireportuko aireko kontrolatzaile Cristina Antonen hitzak dira. Ostiraleko lanuzteengatik kaltetutakoei «barkamena» eskatzearekin batera, langile gisa dagozkien eskubideak urratuta dauzkatela salatu du. Horien artean aipatu ditu grebarako eskubidea eta lanaldi murrizketa eskatzekoa. «Jendea oker dabil, beraz, pribilegiatu batzuk garela esaterakoan».
Otsailaren 6an Espainiako Sustapen Ministerioak dekretuz arautu zuen kontrolatzaileen jarduna. Hala, ordutik AENAk du kontrolatzaileen lana antolatzeko eskumena, besteren artean. «Ordutik, gainera, soldatak %40 murriztu zaizkigu». Hala, bizi duten egoera «muturrekoa» dela azaldu du Antonek. «Lankideak ikusi ditut lanetik anbulantzian irteten, antsietateagatik. Nik neuk gaixo agiria hartu behar izan nuen tentsio igoera handi batengatik. Eta orain ere halaxe nago. Nire gorputza ez da egokitzen hainbeste txanda eta ordutegi aldaketara. Gainera, hiru auto istripu izan ditut nekeagatik, eta baita zorabio mordoa ere».
Lan ordutegi eta karga handiei egozten die egoera. «Hilabetean 200 ordu lan egin behar ditugu, eta nahi duten ordutegia ezartzen digute. Egun berean egokitu izan zait goizeko eta gaueko txanda egin behar izatea». Hori euren jardunerako «oso arriskutsua»dela gogorarazi du: «Guretzat, atsedena ezinbestekoa da, oso adi egon behar dugulako».
Hala, aspalditik antzematen ari dira «lanez gaindituta» egoteak euren jardunean dituen ondorioak. «Egun batean hegazkin bat kontrako lurreratze pistara bideratzekotan egon nintzen. Beste batean, hain nengoen urduri eta nekatuta, ez nituela ezta hegazkinak pantailan ikusten ere. Hori ez zitzaidan sekula gertatu, eta 14 urte daramatzat lan honetan». Ondoan zuen lankidearen laguntzari esker lortu zuen egoera konpontzea. «Baina laguntzaile hori ere kendu nahi izan digute».
Dena den, aire kontrolatzaileen auziaren karietara eztabaida gehien sortu duena jasotzen duten soldata da. «Garbi utzi nahi dut gure eskariak ez daudela horretara bideratuta. Honen atzean lan gatazka bat dago». Urtean 350.000 euro irabazten dituztela aipatu da. Antonek ukatu egin du. «Nik hilabete honetan, adibidez, 3.500 euro irabazi ditut. Gure soldataren zati handi bat osagarrien arabera dago. Gainera, soldata handienetan %50 ogasunak eramaten du».
Oporrak eta baimenak
Antonek salatu du zailtasunak izan dituztela oporrak eta lanaldi murrizketak hartzeko. «Gaur egun AENAk jartzen ditu gure oporrak. Ulertzen dugu daukagun lanagatik udan ezin hartu izatea nahi ditugun opor guztiak. Baina lehen alor horretan kupo batzuk zeuden jarrita, eta orain ez dira errespetatzen. Jende askori urtarrilean jarri dizkiote opor guztiak, eta hori ez da bidezkoa».Beste batzuei, udan debekatu egin zieten lanaldi murrizketa eskatzea. «Murrizketa horiek ez dira apetaz eskatzen, baizik eta seme-alabak zaindu behar dituztelako». Salaketa jarri, eta epaileek arrazoia eman diete. «Zertarako balio du horrek orain?».
Dena den, otsailetik zuten haserrea areagotu zuen aurreko ostiralean Espainiako Gobernuak onartutako dekretuak. «Dekretu horretan agintzen zaigu gaixo agiriarekin egoteagatik edo lan baimen bat hartzeko galdutako orduak berreskuratzea. Dekretuan ezarritako lan orduak baino gehiago egin beharko ditugu».
Horregatik erabaki zuten lana uztea. «Zubia zen edo ez pentsatu gabe egin zen». Zergatik ez zuten greba bat antolatu galdetuta, argi erantzun du: «Ez dugu horretarako eskubiderik, greba antolatzen dugunean gutxieneko zerbitzuak %120koak direlako».
Gobernuak kontrol dorreetan militarrak jarri, eta alarma egoera ezartzeko erabakia «ulertezina» zaio. «Militarrei beraiei ere harrigarria egiten zitzaien. Guretzat, berriz, deserosoa da haiek atzean ditugula lan egin behar izatea». Gainera, ez dira zigorren beldur. «Nik, behintzat, ez. Pentsa, egoera hala jarraituzprest nago enpresa uzteko».
Egoera konpontze aldera, uste du negoziazioa dela bidea. «Lan hitzarmen bat eskatzen dugu, eta ez gure baldintzak dekretuz arautzea. Baina AENAk eta Sustapen Ministerioak ez dute negoziatzeko borondaterik erakutsi. Has daitezela horretan».